Hemen eta orain

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Irigoien Odriozola

Aitor Irigoienek idatzitako iritzi artikulua da honakoa.

"Eskuin muturrak ez dakar irtenbide errealik, kaosa baizik" - Nancy Fraser.

Ez dira garai errazak. Berria edo desberdina ezer gutxi izan arren. Burua apur bat altxatu eta urrunera begiratu beharrik ez dago honetaz jabetzeko. Eta harago, mundu zabalera, begiratzera ausartuz gero, are latzagoa, ilunagoa, krudelagoa da ikusten dena. Ikara emateraino. Oro hankaz gora; edo buruz behera. Zibilizazio (gaizki) deituriko honetan. Erotzekoa benetan.

Gerrak, beste herrialdeen inbasioak, presidente legitimoen bahiketak, estatu kolpeak, poliziaren basakeria eta gehiegikeriak, hilketak, bonbardaketak. Genozidioak, osorik suntsituriko herriak, gosetea. Mina, sufrimendua, galera. Demokrazia herrena. Indartsuenaren legea. Inpunitatea. Indarkeria eta biolentzia… toki, forma eta paralelo guztietan.

Gero eta lurrunduago giza eskubideak; are eta hedatuago eskuineranzko (gal)bidea. Gero eta kontzentratuago baliabide ekonomikoak. Ipar eta hego hemisferioak. Pobrezia, gizarte desorekak, hirugarren mundu izendaturikoa. Erbesteratzea, pertsonen trafikoa, hilobi bilakatutako itsas-hondoa.

Etxegabetzeak, kalean negu gorrian bizi(rauten) dutenak. Espekulazioa. Agintari eta alderdi ezagunen korrupzio kasuen pergaminoa, homofobia, arrazismoa. Feminizidioa, bortxaketak, emakumeen aurkako indarkeria, indarkeria honen ukazioa (justifikazioa), fundamentalismoa.

Botere banaketaren bahiketa: elite ekonomikoen menpeko politikariak; politikariek kontrolaturiko epaileak; epaileek kondenaturiko errugabeak.

Zerga iruzurra, A. Smith-en esku ikusezinaren gezurra. Paradisu fiskalak, mauka zurikoen lapurreten islak (gobernuetan, banketxeetan edota multinazionalen administrazio kontseiluetan).

Mass medien manipulazioa, alienazioa, fake news-ak, sare (a)sozialak, makilaturiko irudi zein titularrak. Arazoen benetako erantzuleen (goi-eliteen) zuriketa. Benetako biktimak (txiroenak) errudun gisa saltzeko ariketa. Goikoen aurka altxatzea galaraziz; are eta beherago dagoena zapaltzera bultzaraziz.

Lan esplotazioa, lantokietan hildako langileak, eguneko 20 orduko lan jardunaldiak, lanera behartutako adingabekoa. Esklabismoaren bertsio modernoa. Kapitalismoaren koadernoa.

Janari, ur edota oinarrizko medikamentu faltagatik hiltzen diren milioika errugabeak. Gerra-industriaren bidez milioiak fakturatzen dituzten sozietateak.

Noam Chomskyk aipatzen duen %1 dirudunenaren pribilegioak, luxuak eta gehiegikeriak alde batean; %99aren gabeziak, ezintasunak eta miseriak bestean.

Globalizazioa. Urtero hiltzen diren hizkuntzak, betirako itzaltzen diren kulturak. Homogeneizazioa.

Natur hondamendiak, animalia espezieen desagerpenak, itsaso zein ibaien kutsadura, deforestazioa, tenperatura igoera, ur falta, lehortea.

Eta honen guztiaren aurrean, ultra eskuinaren gorakada, heda-pena. Mundu osoan zehar, mehatxu zaharra. Maskara oro erantzita. Bisai faxista agerian utzita. Lainotuta, harrotuta, puztuta. Lotsa oro desagertuta, euren burua konponbide bezala agertuta. Gaixotasuna baino txarragoko erremedio okerra direnean. Sua itzaltzera datozela oihukatzen duten piromanoak.

Eta gure herrian badakigu (edo jakin beharko genuke) horrek dakarren arrisku larria: bandera, hizkuntza edota nazio bakarra. Inposizioa. Familia molde, maitasun eredu, bizimodu bakarra. Beldurra. Desberdina den ororen ezabaketa, kaleen garbiketa. Oinarrizko eskubideen zapalketa, sistema publikoaren desegituraketa. Mehatxua, ukazioa, aniztasunaren suntsiketa.

Arriskua handia da. Eta gertu dugu. Espainiako estatuan bertan. Eta espainiarrak ez garen arren, euskaldunoi ere (katalanei edota galiziarrei bezala) asko eta zuzenean eragiten digu han gertatzen, erabakitzen denak. Zoritxarrez. Eta kontziente izan behar gara honetaz, eta mugitu ezean, gainera datorkigunaz.

Elkartuta erantzun behar diogu, egungo testuingurura moldatuz, ados gauden eta bat egiten dugun baloreetan zein puntuetan zentratuz, gutxieneko batzuk adostuz eta gainontzeko diferentziak aurreragorako utziz.

Eta noski, arlo edota eremu guztietan: hauteskundeetan, kalean, lagunartean, ikasgeletan, lanean, kulturan, kirolean, etxean, mugikorrean. Guzti-guztietan. Hauteskundeak barne. Ez soilik hauteskundeetan, noski. Baina hor ere bai.

Euskal Herri mailan, alderdi zein eragile subiranisten artean, naziogintzan zein independentziarako bidean urratsak emanez aurrera. Sindikatuen artean, lan baldintza duinagoak lortze aldera. Gazte mugimenduko talde desberdinen artean, etorkizun hobe bat marrazteko batera.

Eta estatu (edo Europa) mailan ere bai, gainontzeko nazioetako (Paisos Catalans, Galiza...) soberanistekin zein ezkerreko alderdiekin elkarlanean. Nazioak onartzeko eta bakoitzaren erabakitze eskubidea gauzatzeko. Hizkuntzen ofizialtasuna bermatzeko. Jendearen bizi baldintzak hobetzeko zein gizarte justuago bateranzko politika sozialak garatzeko: etxebizitza, lana, osasungintza zein hezkuntza publiko duinak…

Iraganetik ikasi behar dugu. Akats berdinak ez errepikatzeko. Ezin gara berriro gure arteko tirabiretan, mokoka, galdu. Gero azkenean, faxistek irabazi eta guztiok, diferentziarik gabe, banan-banan suntsituak izateko.

Guztion parte hartzea da beharrezko, ultra eskuinak irabazi ez dezan. Aspalditik ezagutzen baitugu euren errezeta: egunkarien itxierak, alderdien ilegalizazioak, errepresioa, zentsura…

Asko dago (dugu) jokoan. Ezin diegu bozka bakar bat ere oparitu; ezin diegu kaleko edo lantegietako metro bakar bat ere erregalatu. Faxismoaren txuri-beltzari, kolore anitzez erantzun behar diogu. Aipatu eremu guztietan. Elkarlanean. Hego zein Ipar Euskal Herrian.

Gure arbasoek bere garaian egindako lanari jarraipena emateko unea da. Gure belaunaldien ordua da. Gauzak argi izatekoa. Faxismoari, bere osotasunean tinko aurre egitekoa. Erresistitzekoa. Baina baita aurrera egitekoa. Hemen eta orain (ez dira pasako!).

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide