Puntuka

Beizamako krimenak ehun urte

Erabiltzailearen aurpegia Julen Otaegi Leonet

Beizamako Korosagasti baserria zenaren hondakinak. (Julen Otaegi Leonet)

Julen Otaegi Leonetek gaurko Guka egunkariaren Puntuka atalerako idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Idatzi ahal izango nuke Murumendirako pasierei buruzko beste zutabe bat, baina ez dut halakorik egingo. Aipa nitzake udazkena azkenean heldu denez gero tontorrerainoko bidean erori diren hosto horixkak. Kraska, kraska, kraska. Goizean goiz autoa hartuta onddo bila joan direnen pausoak. Xirri-xarra, xirri-xarra, xirri-xarra. Beherantz baino gehiago aurrerantz begira ibiltzen diren mendizaleen urratsak. Tipi-tapa, tipi-tapa, tipi-tapa. Mendi magaletan ehiza txakurrekin batera doazenak, noizbehinka tiro hotsak entzuten baitira bata bestaren atzetik. Danba-danba-danba.

"Korosagasti baserria, garo, inarrondoko eta pagadien artean, egundoko pasabidea da erbien atzetik dabiltzan ehiztarientzat". Ez dakit joan den astean ikusi ditudan bi ehiztariek eta tiroak entzun dizkiedan ez dakit zenbatek zerbait harrapatu ote duten, ezta duela ehun urteko azaroko igande batez hiruna azpeitiar eta azkoitiar ere esku hutsik itzuli ziren edo ez; akaso erbiren bat edo beste botako zuten. Behintzat, ez zuten aurkitu hilda ikusi nahi ez zutenik.

Handik zebilen Leon izeneko gizon batek, ordea, Loizubietako gainalderantz zihoala topatu ez zuen, bada, emakume baten gorpua. Aspaldi urtegiko ur azpian den Iburutxaga baserriko maizterra pagadi baterantz abiatu zen igande hartan, abereei azpiak egiteko hostoak falta zituela, eta Korosagastiko etxekoandrea ikusi zuen bide erdian, bizkarraldea odolduta zuela. Antza, hiltzaile batek artilea mozteko guraize batzuekin akabatu zuen Bibiana Okariz.

Garai hartako egunkarietan jasotako kontakizuntxoa besterik ez da maizter horrena.

Korosagastira heldu zenerako, Iburutxagakoak topo egin zuen bertan Pedro Marroquin Azpeitiko barruti judizialeko epailearekin, mikeleteekin eta guardia zibilekin, baita hilketen berri izan zuten hainbat begiluzerekin ere. Etxekoandrea ez baitzen gau hartan erail zuten bakarra. Maria Juana Odriozola alaba ere hilda topatu zuten baserriko eskaileretan, bularraldetik zerion odolezko putzu batean. Ondoan omen zuen Canel, baserriko txakurra.

Etzi mendeurrena beteko da Beizamako krimena gertatu zela, 1926ko azaroaren 14an.

Gogoratzen dut lehenbizikoz noiz izan nuen Okarizen eta Odriozolaren hilketen berri: "Nire aurrekoei askotan entzun nien: 'Guetik behintzat etzuten inor eaman'. Amak kontatzen zuen egun haietako batean ukuiluan, behi batek, ganbelan hazka-edo ari zela, adarra puskatu eta odol asko bota zuela. Horregatik, odoldutako maindire zaharrak zeuzkatela sukalde bazterrean guardia zibilak miaketa egitera etorri zirenean. 'Ua zunan estutasuna! Nola azaldu odoldutako maindireen kontua! Baina Jainkoari esker, entenditu zidatenan'", idatzi zuen nire izeba batek senideontzat egin zuen liburu batean. Eta gogoratzen ditut noiz edo noiz krimen horrekin izan dudan obsesioa, Murumendira joan naizenetan bidegurutze batean Korosagastiranzko bidea hartu eta zutik geratzen diren bi harri bisitatu ditudan aldiak, bizilagun bat erretratu bat marrazten hasi eta azkenerako Jacinta Odriozolarena zela esan zuenekoa.

Hildakoak Jacinta Odriozolak topatu zituen, Bibianaren alaba eta Maria Juanaren ahizpaordeak, hain zuzen ere. Lau hilabete zeramatzan zerbitzari Tolosako Ceru-Chiquin, harik eta lana utzi eta Korosagastira itzultzea erabaki zuen arte, ostiralez. Larunbatean harritu egin zen, ama eta ahizpaordea ez baitziren azokara azaldu, eta igandean abiatu zen Beizamarantz, Bidaniraino zihoan autoa hartuta; Santutxoko bidegurutzean jaitsi, eta oinez egin zuen baserrirainoko bidea.

Maria Juana topatu zuen lehendabizi, eta Bibiana aurkitu ezinik, Amenabar auzoko Garagartza baserrirantz abiatu zen, hangoak baitzituen osaba-izenak, baina bidean topatu zuen ama, bizkarra odoleztatuta.

Inguruko baserrietako hainbat atxilotu zituzten, horien artean Itsasondoko Lizardi baserriko aranzegitarrak, baita Jacinta bera ere. Baina hilabeteak igaro ahala, maiatzean, Marroquin epaileak errudunak izendatzeko agindua jaso zuen, eta aske utzi zituen ordurako Azpeitiko espetxean geratzen zirenak, ez baitzuen hilketa inori leporatzeko inolako frogarik.

1940ko abenduaren 12a. Gipuzkoako punta batean, Itziarko Santuaran baserrian, hilzorian zen Luziano Idiakez Mekatxis, tetanosak jota. Honela dio haren heriotza agiriak, Patxi Aizpitarte Debako eta Itziarko parrokoak duela urte gutxi batzuk esan zidanez: "Penitentziako sakramentuak eta oliadura jaso zituen Cornelio Berrondo presbiteroaren eskutik. Ez da ageri testamenturik". Testamenturik agindu ez, baina Mekatxisek azken aitortza bat egin zion apaizari: bera omen zen Korosagastiko hiltzailea. Hurrengo mezan, pulpitura igo eta Santuarangoaren konfesioa azaldu zien Berrondok fededunei.

Sinetsi egin behar...

Hemen, Beizamako krimenean oinarritutako Korosagasti filma:

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide