Puntuka

Kronika Madrildik

Erabiltzailearen aurpegia Julen Otaegi Leonet

Santurtzin udaltzainek bi taser deskarga eman eta bi egunera hil zen Ander Saenzen heriotza salatzeko oihala, Madrilgo kanpaldian. (Julen Otaegi Leonet)

Julen Otaegi Leonetek gaurko Guka egunkariaren Puntuka atalean argitaratutako iritzi artikulua da honako hau.

Azken boladan Isabel Diaz Ayusok ez du dena aldeko izan, baina ez dadila larritu, oraindik ere jendea ikus daitekeenez gero bai terraza batean eta bai gainontzekoetan, kaña prexko-prexkoei zurrut eta zurrut; hori bai benetako askatasuna, edo duela zenbait urte saldu nahi izan zuen askatasunaren erakusleetako bat, behintzat. Aitortu behar dut neuk ere edan dudala garagarraz eta lupuluz egindako edari horietako bat, zer erremedio; sikiera itzultzerakoan galdetzen baldin badidate Espainiako hiriburuko terrazetan garagardo bat edatea zer-nolako esperientzia den, erantzun ahal izateko hango terrazetan beste edonon bezala gozatu daitekeela tragoxka horiez. Horixe bera omen dute Madrilen apeua, alegia, zer edana: erlojuak markatzen duen orduaren arabera, kaña bat lasai asko, edo, bestela, kafesne bat Plaza Nagusian, Ana Botella Madrilgo alkate izandakoak noiz edo noiz esan zuen bezala.

Iluntzen ari dela, zortzi eta erdietan, lagun min baten mezua heldu zait: "Ene, Maricarmen hil da".

Ohean etzanda harrapatu nau, hankei atsedena emanez. Supituki altxarazi nau abisu horrek sortutako adrenalinak, eta duela gutxi erantzi ditudan zapatak jantzi ditut. Egun osoa kalean, eta berriz ere kalera. Pentsatzen nuen agian izango nuela astirik lanen bat edo beste aurreratzen joateko, hiriburuko erdigunean kanpatuta dauden manifestariek esandakoak hartu, eta gauerdira arte zutabe hau idazten ari naizen ordenagailuko teklak zanpatzen egoteko. Hosteletik arrapaladan atera behar izan dut, ordea, eta atarian ez diot erreparatu espaloi ertzeko trabagarri bati: belaunarekin eman diot bete-betean; esango nuke, ondoren disimulatzen saiatuagatik ere, metalaren kontrako danbatekoa entzun dutela kalexka horretan zihoazenek ere; eta erdi herrenka heldu naiz metroraino.

Erdigunerantz noa, eta ez dirudi inor konturatu denik Maricarmen Abascal, duela hiru aste Madrilen etxegabetu zuten 87 urteko andrazkoa, hil dela. Gran Viako geltokian jaitsi naiz, Puerta del Solekora heldu aurreko geltokian, ikustearren zein den giroa plaza horretara ematen duten kaleetan. Handik hostelerantz abiatu naizenean bezala, terrazak jendez gainezka daude, kañak mahai gainetan edo esku bat baino gehiagotan. Zurrut eta zurrut, Madril ez da aldatu. Baina entzuten da, plazarantz geroz eta gehiago gerturatu ahala, burrunba moduko bat. Haserre dagoen jendetzak eragindako burrunba moduko bat. Gaueko giroa ikusita, inork gutxik pentsatuko luke iraileko azken asteburutik kanpatuta daudela hainbat eta hainbat manifestari, etxebizitza duina izateko eskubidearen alde.

Megafonoa eskuan duen batek dei egin du kanpalditik Diputatuen Kongresurainoko martxa egiteko, eta jendea jarraian hasi da harantz oinez, oihuka: "Guztiok gara Maricarmen! Ez dira heriotzak, hilketak baizik! Konplizeak! Non dago gobernu progresista?". Plazan bertan, San Jeronimo ibilbidera heldu baino lehen, Bilboko ikasle garaiko ostegunetako zurrutetan ezagututako bat etorri zait galdezka zer demontre egiten dudan hemen, Madrilen, eta elkarren alboan egin dugu aurrera, poliziek etxebizitza duinaren aldeko martxa oztoparazi duten tokira arte. Hantxe egin dugu planto, eta auskalo noiz arte geratu diren bertan, hamar eta erdiak aldera martxa egin dudanez gero; polizia batzuk zeuden kaletik abiatu naiz metrorantz, eta horietako batek galdetu dit, dudan kanpinzale piura ikusita, ea nora noan. "Badut garaia erretiratzeko. A, kazetaria naiz", desenkusatu naiz, koadernoa eta boligrafoa eskuetan ditudala. Hantxe joan naiz, herrenka, belauna minduta.

Biharamunean ere plazan bertan izan naiz, iluntzeko zortzietan beste manifestazio bat egin baitute Maricarmenen omenez, antolatuxeagoa, ez bezperakoa bezain inprobisatua. Eta erreparatu diet, kanpaldiaz hitz egiteko geratu naizen baten esperoan, plazaren bueltan dauden hamaika kartelei: Hemen ez dago bizitzerik; Etxerik gabe nahi baldin bagaituzte, kaleetan ikusiko gaituzte; Quechua kanpin denda. Metro koadro bat. Madrilen, Solen, erdigunean bertan. 250 euro gau bakoitzeko. Gosaria aparte; Putreak kanpora. 

Eta, nola ez, beste kartel bat, ezin madrildarragoa: Kaña gutxiago eta eman kaña gehiago!.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide