Santutxoko bidegurutzetik beherako errepidea zabaltzen ari dira, eta ia beti itxaron behar izaten da tarteren bat esku balazta askatu ahal izan arte. Azkenean heldu naiz laneko aparkalekura, kotxetik ateratzen hasi naiz, eta hankak lurrean jartzerako, beste behin erreparatu diet bezperan Donostiako Ikatz kalean ibilitako zapatei. Kontxo... Ahaztu egin zait zapatak garbitzea etxetik atera baino lehen. Goizean ere konturatu, konturatu naiz likatsuak zeudela, agian eskertuko zuketela trapuren bat pasatzea zikinkeria kentzeko, baina presaka etorri behar izan dut, eta kito.
Atzoko zurrutarengatik izango ez balitz, ez nintzatekeen ohean geratuko komeni baino gehiago, eta orduan izango nukeen berez egin beharreko guztiak egiteko lain denbora; horien artean, zapatak garbitzeko. Baliteke arreta falta baino ez izatea –ezer gutxi egin zitekeen hori konpontzeko–, eta egunaren hasierak horrelakoxea behar izatea, likatsua. Hartu beharreko erabaki bat gutxiago, bide batez.
Nolabait, ez dakit nola, deskuidu horrek gogorarazi dit dena ez dela gertatzen espero den bezala, eta badagoela espero ez dena gertatzeko aukeraren bat, horrek esan nahi duen arren gaurko egunez zapata zikinak eraman behar izan ditudala lanera. Eta nolabait, ez dakit nola, halako lasaitua ere hartu dut aldi berean, erabakimena ez baita nire bertuterik bertutetsuena. Litekeena da neronek gutxietsi egin ohi izana aukeratzeko aukerak eskain dezakeena, baina maiz bost axola izaten zait gauza bat edo bestea erabaki, batik bat erabakia hartu behar izate horrek besteren bati ere eragiten dionean, muturren parean iradokizunaren zain dagoenean, bion arteko kontsentsua nola hartuko. "Bat edo beste, nahi duzuna".
Deitu horri malgutasuna edo dena delakoa. Aitortu behar dut ziurrenik lotsa dela-eta esaten ditudala kakotx arteko hitz horiek, ez bainuke nahi bestearen eta hark nahiko lukeenaren artean oztopo bihurtzea. Jada esandakoa: moldatuko naizela, txikikeriaren bat dela, eta ez daukadala inolako eragozpenik bata edo bestea egiteko, benetan.
Erabakimenaren erabakimenez, errespetua eman ohi didate hasierek, hasiera hori edozein gauzarena dela ere. Erabaki gehien galdegiten dute, eta galderez betetzen erabaki behar duenaren burua. Zapata likatsuekin lanera heltzeak eragin didan egunaren hasierak ez hainbeste, ekintza hori zeozeren esku –deskuiduaren esku– egon denez gero, eta ez nire esku, nahiz eta atzoko egunez kalean gora eta behera ibiltzea bai, hori nik neuk erabaki nuen. Jakin nahiko nuke errua guztiz nirea ote den, edo errua nire buruaz gain besteren batek ere ba ote duen. Tira, zapata zikin batzuk baino ez dira, eta inor ez da konturatu, eskerrak...
Dena dela, hasierek sorrarazten didaten errespetu hori maizago sorrarazten didate bakarrik nagoenean. Ordenagailua parean daukadala, batzuetan zer idatzi ez dakidala geratzen naiz momentu batez; agian, nola idatzi izaten da kontua, eta halako batean inspirazioa heldu eta nola tekleatu jakinagatik ere, egoten da beste oztoporen bat, ziur: idatzi beharrekoa idazteko hitz aproposena falta izatea, lehenbiziko esaldia otutzearen zortea edo ez otutzearen zorigaiztoa, inspirazioa ez dadila izan ameskeria... Gainontzekoa, lanbidean esan izan ohi dugun bezala, literatura lana da, apainkeria, idatzi beharreko neurrira heltzeko hitz parrastada.
Erabakimenaz, hona hemen behin baino gehiagotan zutabe hauetara ekarri dudan baten abesti bateko hitzak: I've seen it all, I have seen the dark/ I have seen the brightness in one little spark/ I've seen what I choose and I've seen what I need/ And that is enough, to want more would be greed (Dena ikusi dut, iluntasuna ikusi dut/ Argitasuna ikusi dut txinparta txiki batean/ Ikusi dut zer erabaki dudan, eta ikusi dut zer behar dudan/ Eta nahikoa da hori, gehiago nahi izatea nahikeria izango litzateke).
Zurrutean eta akaso zapatak zikintzen ari zitzaizkigula, ez nuen espero lagun batek, bataren bermuten eta bestearen txakolinen artean, egun hauetakoren batean nik dakidan norbaiten alboan ni neu naizen bezala ikusi ninduela esango zidanik. Kaleko burrunba unetxo batez mututu zuten hitz horiek. A, eta ahaztu baino lehen, hobe dut zapatak garbitzea, bestela beste behin likatsu azalduko naiz-eta lanera.