Dezibelio kontua

Erabiltzailearen aurpegia Julen Otaegi Leonet

'Taxi Driver' filmaren soinu bandako 'I Still Can't Sleep / The Cannot Touch Her (Betsy's Theme)' abestiaren soinu pista. (Julen Otaegi Leonet)

Julen Otaegi Leonetek Guka egunkariko Puntuka atalerako idatzitako iritzi artikulua da honako hau. 

Berezkoak dituen soinu guztiak desagertu balira bezala geratzen da etxea, edo hori dirudi behintzat, txintik ere ateratzen ez den horietan ez baitago isilune deseroso bezain ohiko horiek etengo dituenik. Eta, paradoxikoki, badirudi gehiago ulertzen dela hitzen falta hori aditze hutsaren bidez baino, nahiz eta baden arriskurik norbere interpretazioa eta besteak adierazi nahiko lukeena erabat kontrajarriak izateko. Nola ulertu, bestela, mahaitik jaiki eta leihoranzko pausoen hotsa, metxeroaren zaratatxo karraskaria, kearen ufada fu-fu-fuka. Edo azalpen modukoren bat espero duen komentario disimulatu batek bueltan jasotzen duen erantzun zaputza, kontestazioa batzuetan, dagoeneko bat ohitua delako jakitera zer ez esan, bai norbere utzikeriagatik eta bai besteari antzematen dion sentiberatasunagatik edo. Bietakoren bat hitzen bidez esatera atrebitu ez dena hitzez esan eta elkarrizketa hasi arte, ordura arteko bakarrizketari entzungorrarena eginez. Halakorik inoiz ere gertatuko balitz, gaitz erdi.

Bada geurean beste isiltasun moduko bat, elkar ulertzeko elkar begiratuta nahikoa duten bi lagunek sortzen duten isiltasun moduko bat, berez ez baitute besterik behar. Elkar ezagutzen dute, edo kasualitatez hain dira antzekoak izaeraz, ezen ahotik ateratako hitzek esan dezaketenaz haragoko hizkuntza bat ulertzen duten. Eurena, eta ez beste inorena. Nola ez estimatu, bada, elkarren begiradek bat egiten duten uneak, hamaika hitzek baino gehiago balio duten keinuak, elkarren alboan hitz egin gabe igaro dezaketen denbora. Isilune horiek, ordea, ez dira arrotzak suertatzen, ez bestelakoekin partekatu ditzaketenek bezainbeste, elkarri aurpegira begiratzearekin edo dena delakoarekin nahikoa zaie-eta iruditzen zaiena besteari kontatzeko. Bati edo besteari astakeriaren bat okurritu arte, ordura artekoari, barreekin bada ere, eta ez gaizki ulertu daitekeen begirasun batekin, segidaren bat emateko. Igartzen da, ordea, hitzen falta, batzuetan gehiago, besteetan gutxiago, nahiz eta azkenerako badirudien hori dela elkarren arteko hartu-emanaren funtsa. Aldatzerik ote den ere ez dakit, ez dakit ezta aldatu beharko litzatekeen ere. Horrelaxe da, eta horrelaxe beharko du.

Etxetik kanpo ere katalogatu nitzake beste isiltasun batzuk. Distantziek, luzeagoek zein motzagoek, aspaldiko partez edo ez hain aspaldiko partez elkar topatu arte mututzen dituzten elkarrizketak, baldin eta egon badagoen, distantziez aparte, elkarrizketak mututu ditzakeenik. Ziur aski. Bai batak eta bai besteak jakingo dute, tartean isiluneren bat egonda ere, edukiko dutela hurrengoan zer hitz egina. Nola ez berreskuratu, bada, elkarren artean soilik erabiltzen diren erreferentziak, behin eta berriro gogorarazten diren oroitzapenak, gehiago elkar ikusten zuteneko solasaldi amaiezinak. Kezkak ere eragiten dituzte isiltasun horiek, ez pentsa.

Ez ote dira gehiegi luzatzen ari, ez ote dira entzunezinegiak, ez ote dira, besterik gabe, elkarrizketa huts batean amaituko. Baina, batera edo bestera, ikusten diren aldiro bada beti eztandaren bat, oihuren bat, zalapartaren bat. Ahalik eta zentzurik onenean diot, ezinegona eta larritasuna sortzen duten isiltasun horiek mututzen dituztenez gero. Eta posible liratekeen isiltasun guztien artean bada beste isiltasun bat. Hori bai dela benetan isiltasuna. Elkarren artean hitz eginda ere ezer ez esateak dakarren isiltasun bat. Askozaz ere figuratiboagoa literala baino, saminagoa, hutsalagoa.

Isiltasuna isiltasuna da, bai, baina ez saldu izan diguten isiltasuna. Egoera bakoitzak eragiten dituen dezibelioen araberako kontua izango da, agian, isiltasuna goxoa edo garratza izatea.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide