Puntuka

Logela bat

Erabiltzailearen aurpegia Julen Otaegi Leonet 2026ko uztailaren 2a

Hostelen bateko manta bat. (Julen Otaegi Leonet)

Julen Otaegi Leonetek gaurko egunkariko Puntuka atalerako idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Hosteleko tipoaren atzetik jaitsi ditut eskailerak. Perkantze bat dela medio heldu naiz toki honetara; berez ez nuke zertan hemen egon, baina patua hain kurioxoa da batzuetan, ezin zaio kontra egin. Pare bat gau geratuko naiz logela honetan, ez dakit beste zenbat gizonekin. Hutsik dago orain, sakabanatuta dauden arropek-eta aditzera ematen duten arren dagoeneko badirela ni baino lehen heldu direnak. Hamabi baino gehiago behintzat ez gara izango, baina nork daki.

Badaude, nola ez, motxilak gordetzeko armairutxoak. Kandadua dute zenbaitzuek. "Badaukazue bateren bat lagatzeko moduan?", galdetu diot tipoari, eta ezetz erantzun dit. "Norberak norberarena ekartzen du". Planifikazio eza, beti bada ahazten den zerbait. Segurola naiz horrelakoetan, gehitxo agian, eta burdindegiren edo tankerakoren bat hosteletik gertu ote dagoen begiratu dut. Bat badago hurbil, eta bi aldiz pentsatu gabe abiatu naiz harantz, gauzak logela klaustrofobiko horretan utzita. Dendakoak huskeria bat eskatu dit kandadutxo baten truke. Lasai geratu ahal izateak ez du inoiz hain gutxi balio izan.

Logelara bueltatu naizenean, gizon batekin egin dut topo. "Kaixo" bakar batekin agurtu dugu elkar, besterik ez, eta ondoren, bakoitza berera. Aurpegira begiratu beharra ere ez dago. Gauza bera gertatuko da gainontzekoekin, etortzen diren bezala joaten dira. Kortesiaz jokatzen duenak kasu egiten du; beste batzuk, ordea, ez. Ez da ezer txarra, logela berean baino ez dugu lo egiten.

Hirian zeharreko pasiera hauetako batean entxufe bat ere erosi behar izan dut mugikorra kargatzeko, ekarri dudan bateria eramangarria azkenetan dago eta. Eguna pasatu ostean bueltatun naiz logelara, ohe alboan entxufatu dut, eta txinpartak atera dira. Gero konturatu naiz bidaia honetan erabili ditufan entxufe guztiek botatzen dituztela noizbehinka txinparta bat edo beste, eta hori badela behintzat argindarra dagoenaren seinale. Baina kargatu, kargatzen dute.

Lehenbiziko gauan goiz joan naiz ohera, bederatziak aldera edo. Ez nuen beste egitekorik hiri honetan, goiz afaldu eta kito. Hutsa dago logela, nahiago horrela, baina gazte bat etorri da jarraian. Nekatuegi egongo gara, agian. Esan diot itzaliko dudala argia behingoz lotara joan gaitezen, biok goiko bi ohetan gaude eta. Egin dut jaisten hasteko keinua, baina esan dit lasai egoteko, ondoan duela argi giltza. Besoa luzatu du, ilunpetan geratu gara, eta biok lotara. Lokartu baino lehen jende gehiago etorri da: batzuk lagunak dira, elkarren artean hitz egin eta gero "bihar arte" batekin agurtu baitute elkar; beste batzuk, berriz, bakarrik etorri dira, nire antzera. Jakitetik ere ez dago zenbat gauden, ezta zenbat egongo garen ere, ilunpetan eta manten babespean batek daki eta. Loak ez du asko iraun, eta gehiago egon naiz ohean bueltaka, jaikitzeko ordua noiz helduko.

Hostel honetatik ospa egin baino lehen bi gau igaro ditut. Erabaki dut hiri honetara egun gutxi barru bueltatzerakoan ez naizela hemen geratuko lotan, topatuko dudala beste tokiren bat. 

Topatu dut, ezustean, gainera. Hiri honetatik joan baino lehen, kaleetan zehar galdu naiz, ez bainaiz konturatu hosteleko kalea atzean utzi dudala. Buelta erdia eman eta kale batean ikusi dut gazte bat zigarro bat erretzen, hura lo geratzen den hostelaren atarian. Seinale bat-edo izango delakoan, bertara sartu naiz, oherik sobran ote duten galdetzeko. Badute, eta eskerrak. Bestela, bilatzen jarraitzea besterik ez zen izango. Altxorraren bila aritzea.

Batera edo bestera, hamabi oheko logela horretatik ospa egin eta gero ikusi dut badagoela ezezagunak ezagunxeago egiteko aukera; hurrengo egunetik aurrera elkar ikusiko ez dugun arren, egon litekeela lokartu arteko denbora elkarrekin pasatzeko aitzakiaren bat, izan futbol partida bat ikusten edo bestearen dramak-eta entzuten, toki honetara bakarrik heldu garen arren zerbait partekatzen dugulako, logela xume bat bada ere.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide