Uste dut idazten dudanean ez ditudala hitzak ikusten, gauzak baizik. Iragankorrak izan daitezke, abstraktuak, sentimenduak edo, kontrara, zehatzak izan daitezke, eszenak, memoriaren irudiak. Nik bilatu gabe heltzen dira hitzak, edo, kontrara, izugarrizko tentsioa eskatzen dute; esfortzurik ez, tentsioa baizik, buruan dudan irudi mentalera modurik zehatzenean egokitzeko". Annie Ernaux, Idazketa labana bat da (Katakrak Liburuak).
Metaidazkuntza. Idazkuntzari buruzko idazkuntza, beste edozerren faltan. Ez baita erraza idaztea, batik bat idatzi bitartean begien parean den gauza bat eta bakarra idatzi beharreko zuriunea baldin bada, idazteko esfortzua egiten ari denari zer okurrituko itxoiten. Ernauxek aipatutako tentsioa eskatzen du, bai, baita esfortzua ere.
Erreparatu behar izaten zaio idazten ari denaren itxurari –izan daiteke zerbait abstraktuagoa, hitzen baten adierak oroitarazten duen irudiren bat, hitz hori bat eta besteren bat ez erabiltzeko joera edo ohitura, idatzi beharrekoa beste hitz batzuekin idazteko hitzik ez ezagutzea; edo izan daiteke zerbait askozaz ere estetikoagoa, hitza bera zein den, esanahi bertsuko gainontzeko hitzen artean zer dela-eta hautatu den, nola ebakitzen den, edo luzitzea, idazten ari denaren erakuskeria hutsa baino ez–.
Eta erreparatu behar izaten zaio, nola ez, bada, edukiari, nahi adina hitz erabiliagatik ere bada-eta aukerarik Ernauxek aipatutako gauza horiek idazteke uzteko. "Zehatzak izan daitezke, eszenak, memoriaren irudiak". Datorzkit burura: galernak altxatutako hondarraren ziztadak azalaren kontra; norbaiten besoetan esnatzea; etzanda igarotako igandeetako alferkeria; astelehen behar baino goibelagoek azkenerako eragiten duten nekea; arratsalde guztia eguzkitan igaro duen kotxera sartu orduko sentitzen den bero itogarria; lanetik etxera bueltan trafikoa motel doala-eta betirako galdutako minutuak; etxera heldu eta sakelako telefonoarekin orduak galtzeko erabakimena; ezer albaindu gabe baina oihalak orratzek helduta daudela puntada oker bat egiteak sorrarazten duen amorrua, eta hori askatu eta halakoren batean txukuntxo jostearen satisfazioa; isilik ez jostearren musika entzutea; dagoeneko hunkitzen ez zaituen kantu bat aditzea, eta ez jakitea zer zen barrenak hainbeste mugiarazten zituen zera hori; logelako apal baten izkinan abesti hori abesten duen abeslariari egindako aldare modukoa; abeslariaren kamisetak janztearen performatibitatea; urrutira joan den lagunari oparitutako kamiseta hura; urrutira bakarrik joatea erabakitzeko ausardia, bidaia antolatu bitarteko urduritasuna, eta hegazkina hartzeko unean espero izatekoa den beldurra; atzerriraino zoazelako amaren kezka; hari esatea idatzi behar izateagatik di-da batean afaldu duzula jada; idatzitakoak ezagun batek irakurriko dituela jakitun izateak dakarren auzo-lotsa, zergatik-eta ez konturatzeagatik tontakeria hutsa izan litekeela esatea zein erromantizagarria den kafesne bat izotzarekin hartzea; kafe baten bueltako elkarrizketa amaigabea noizbait amaitu eta jaiki behar dela jabetzearen tristura; pentsatzea kafesnea beharrean ebakia hartzen hastea badela señorizazio tankerako zerbait; alboan doan señora autobusetik jaitsi orduko behin betiko amaituko den elkarrizketa, zeina hemengoa ez delako hasi den, besteari galdetu baitio, kapitalean egun-pasa egin eta gero, ea abisatuko dion autobusa Zestoako Bainuetxeko geltokira iristear denean.
"Idazketak denboraren beharra du, egunerokoaren beharra, besteen beharra. Baina, tira, badira konstanteak. Adibidez, aldi berean zehatza –"nola egin nintzen emakume", pasio bat, aitaren bizitza abortua, eta abar– eta lausoa –planik eta metodorik ez izatea–. Orokorrean, orri batzuk idazteko gogoa pizten zait eta segituan gelditzen naiz, ez baitakit nola jarraitu, ez baitut ikusten 'zer egin horrekin'. Beste zerbaiti heltzen diot orduan, eta berriz egiten dut porrot, batzuetan. Besteetan ez [...]. Gero, hastapenera itzultzen naiz, lanarekin jarraitzen dut eta bukaera ematen diot".