Hotzak atera naiz lanetik. Ia egunero janzten dudan jaka ez da nahikoa izan goxatzeko. Kotxea arrankatu, zigarroa piztu, edozein kantu jarri, eta etxerantz abiatu naiz. Ohitura da dagoeneko. Aldiro aldatzen dudan bakarra kantua izango da; beti izaten dut buruan zer entzun, baina urtea hastearekin batera zera gertatzen zait, zer entzunik gabe geratzen naizela. Urrutiegi geratzen zaizkidala aurreko urtekoak, beste zerbait behar dudala motorraren burrunbarekin bakarrik ez gidatzearren.
Bai, aldaketei buruzkoa da gaurkoa. Aldez aurretik, barkatu klixearengatik. Viewer's discretion is advised.
Urtea hasi baino lehen pentsatzen hasten naiz: zein izango ote da adituko dudan lehenbiziko kantua, entzundako zeintzuk ahaztuko ote zaizkit, zein abeslarik kaleratuko ote du zeozer, egongo ote da eskapatuko zaidanik, ezagutuko ote dut beste talderen bat. Batek daki. Egunerokoarekin bezala, denak martxa hartzen du urtarrila atzean utzi bezain laster, punto muertotik primeraraino bada ere.
Askozaz ere nahiago izaten dut albumak behin eta berriz entzutea; horra hor beste ohituretako bat. Urtarrilero galdu egiten dut, eta musika ausaz entzun. Lagungarria batzuetan, traumatikoa gehixeagotan. Halaxe egin dut etxera biderako hogei minutuko tartean, zer erremedio, baina aspaldi entzun gabekoak gogoratzeko balio izan dit behintzat. Hori aitortuko dut.
Autobiatik atera baino lehen, hitz hauek: And change, change, change is gonna come, but / When, when, when? (Eta aldaketa, aldaketa, aldaketa badator, baina / Noiz, noiz, noiz?). Nahi eta [oraindik] ezin duenaren buruhaustea. Eta jarraian, A Lot’s Gonna Change (Gauza asko aldatuko dira) kantua. Aldaketa hitza nahi baino gehiagotan agertu zait errepidean. Urtea hasi berri den seinale —eta, bide batez, kotxeari olioa aldatu behar diodan seinale ere bai—. Bat, kasualitatea; bi, kointzidentzia; eta eskerrak hirugarrenik ez den egon. Etxera heldu eta hitz hauek idazten hasi orduko Change bilatu dut gordeta ditudan abestien bilatzailean, eta han agertu da: Change like the wind / Like the water, like skin / Change like the sky / Like the leaves, like a butterfly (Aldatu haizea bezala / Ura bezala, azala bezala / Aldatu zerua bezala / Hostoak bezala, tximeleta bat bezala). Hirugarrena, patroia behar izatekotan.
Aldaketarik baldin badator, etorriko da; bien bitartean, iraganekoei erreparatzeko okasioa ere bada urtearen hasiera. Ezer berririk heldu arte jada entzuten ez ditudanak zergatik entzuten nituen galdetzekoa.
Asteburuan lagun batekin geratu naiz aspaldiko partez, ebakiaren eta mantzanillaren bueltan. 2026a izanda, jendeak 2016ari erreparatzeko izan duen burutaldiari buruz hitz egin dugu. Lekutan geratzen dela urte hori, eta aldatu direla zenbait kontu. Orduko hartan hamar urte barru espero genituenak bete ote ziren. Ez, gero. Heltzen joateak kale egin digula, oraindik ere errealizazio irreal-idealizatu-erromantizatu-fantastiko-fikziozko-marabillosoa egiteko daukagula, betiere egiterik baldin bada. Beti badela zerbait aldatzeko, alegia. Baina gero konturatzen zara hamar urte sobera direla. Hainbeste ere ez da behar; nahikoa izaten omen da tarte laburragoa. Esaten dute hiru aste behar direla ohiturak hartzen joateko. Edo zergatik ez, batzuetan egun batetik bestera ere aldatzen dira gauzak.
Momentuz ez diot tankerarik hartu urteari. Nola hartuko diot, bada, urtarrila besterik ez baldin bada. Otsailak zerbait ekarriko duelako ustea, eta aldaketak egin baino etorri egingo direlakoa ere bai. Urtearen hasierak ez dakidala zer egin harrapatu ohi nau. Beti iguala da. Zenbait egunen segida besterik ez, ezer gutxi egiteko astirik —eta gogorik— ez dudan zenbait egunen segida besterik ez. Inbidia ematen dit batzuentzat zerotik hasteko aitzakia dela, eta beste batzuentzat, berriz, hori egiteko aukera. Gainontzekook aldatzeke jarraitzeko hilabetetzat dugu urtarrila. Eta horrek ez du zertan txarra izan. Ez dut uste plana norbere burua behartzea ote den.
Zutabe hau idazten dudan aldiro bistadizoa ematen diet aurretik egindakoei, eta ohartzen naiz zein pedante jartzen naizen behar baino gehiagotan. Aldi horietako bat da gaurkoa. Ez esan ez dizuedanik abisatu. Hurrengoan aldatuko ote dut tonua. Urte berri on!