1990eko udan elizaz eliza ibili zen bizikletaren pedalei eragin eta eragin. Ordu hartan egin bezala heldu da Strandarkirkjara, Islandiaren hego-mendebaldeko kostaldeko tenplura. Igo ditu atariko eskailerak, ireki du atea, sartu da barrura, eseri da organoaren parean, eta hasi da teklak jotzen, The Anchor Song abestiko hitzak kantatzen dituen aldi berean: "Ég heima við sjóinn/ Og á nóttunni/ Þá kafa ég niður/ Undir allar iður/ Niður á hafsbotninn/ Og ég lagt út akkerið/ Ér vill ég vera/ Hér á ég heima" (Itsaso ertzean bizi naiz / Eta gauean han murgiltzen naiz / Korronte guztien azpian / Hondorantz / Aingura botako dut / Hemen geratuko naiz / Etxea dut hau). Amaitu da musika. Askatu ditu teklak, jarri ditu eskuak magalaren gainean, begiratu du kamerara, eta irribarre egin du Björkek.
Ozeano bare bezain geldigaitza irudikatu zuen Oceania kantatu zuenean. Oholtza urperatu zuten olatuekin, zeinak bere soinekotik isuri zituen; ez da ustekabekoa abestia ur azpian bezala entzutea, uhinak desitxuratuta egongo balira bezala. "You have done good for yourselves / Since you left my wet embrace / And crawled ashore" (On egin duzue / Nire besarkada hezea utzi / Eta lehorrera joan zinenetik). Xuxurlekin, soinu guturalekin, garrasiekin, hasperenekin, gargarekin, doinuekin, burrunbekin, arnasestuekin eta dena delakoekin josi zuen bai abesti hori eta bai Medúlla (2004) albuma; "zintzurretik ateratzen den soinu guztietara" bakarrik mugatu zen horiek ekoiztean, The Inner or Deep Part of an Animal or Plant Structure dokumentalean azaldu zuenez –abeslariak eta zenbait kolaboratzaileren grabaketak biltzen ditu–: "Ezertxo ere ez. Duzuna besterik ez. Ahotsa". Entzunaldi kurioxoa, benetan.
Hurrengo urtean, halaber, Matthew Barney artista eta zuzendariaren Drawing Restraint 9 proiekturako izen bereko soinu banda konposatu zuen. Nisshin Maru baleontzi japoniarrean egin zuten egonaldia aste luzez, eta hori agerikoa da abesti zenbaitzuetan: itsasontzien klaxonak diren –edo behintzat diruditen– harrabotsek harilkatzen dute lana. Entzunaldi xelebrea, benetan. Era berean, hurrengo albumean ere erabili zituen soinu ozen horiek, Volta-ko Earth Intruders abestian, hain zuzen ere. "I am leaving this harbor / Giving urban a farewell / […] I have lost my origin / And I don’t want to find it again / Whether sailing into nature’s laws / And be held by ocean’s paws", dio albumeko beste abesti batean (Banoa portu honetatik / Agurra emanez hiriari / Jatorria galdu dut / Eta ez dut berriro topatu nahi / Naturaren legeetarantz nabigatzen / Eta ozeanoaren hatzaparrek helduta).
A zer obsesioa ur gaziarekin.
Ni ez naiz zeharo itsasozalea, agian ez dudalako kresala behar bezainbeste aditu, agian itsasoa urruti xamar ikusten dudalako Murumendi tontorretik, edo, besterik gabe, Beizamako semea naizelako. Ezagutzen dudan ur bakarra iturrietakoa da, herria zeharkatzen duten erreketakoa eta hiruzpalau baserri urpean dauden urtegikoa. Ur geza. Ez dago inongo ainguraren beharrik; lurrean ditugu hankak dagoeneko. Ez dakit, ordea, hemen geratuko naizen, baina etxea dut mendia. Hitz egin nuen horretaz beste zutabe batean edo bestean. Ez dut gauza bera errepikatu nahi.
Eta, Itzurungo hondartzako egun-pasa bat edo beste igaroagatik, ezin dut jasan mareek haiekin batera hondartzetara ekarritako algak hankekin ukitzea. Inola ere ez. Horrexegatik, nahikoa dut itsasoan urteroko sartu-irtena egin eta hurrengora arte ez itzultzea; nahikoa dut eguzkitan arratsalde batez kiskaltzen pasatzea, pentsatzeko urte osorako moreno-moreno egongo naizela; eta nahikoa dut hondarrarekin urtean behin haserretuta, astindutako toallan bueltan berriro etzaterako badakizue-eta zer gertatzen den. Amak –eta mundu guztiak– dioen bezala, ura beti belaunen azpitik.
Aldi berean, ordea, a zer gozamena birikak ezin gehiago puztuta dituzula ur gainazalean egotea; a zer gozamena gorputza arin-arin sentitzea, olatuek nora gabe eramaten zaituzten bitartean; a zer gozamena uretan zaudela pixa egitea, jendearengandik apartatuz diximuloz edo; eta a zer gozamena hondartzara joan osteko txiringitoko kañaren lehenbiziko trago freskoa terrazako itzalkinaren azpian –bigarrena edaterako garagardoa epeldu da dagoeneko–.
Agian komeni da jakitea noiz bota aingura, noiz jaso, noiz eraman behar duzun horren zama soinean eta noiz ahaztu behar duzun arrastaka daramazula. Kateak moztearena beste hurrengo baterako.