Puntuka

Paxieran

Erabiltzailearen aurpegia Julen Otaegi Leonet 2024ko urr. 31a, 09:00

Murumendiko suziri formako postontzia. (Julen Otaegi Leonet)

Julen Otaegi Leonetek Guka egunkariko Puntuka atalean idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Ziplo etorri zait burura eskola garaian irakurritako liburu bateko pasarte bat. Saiatu naiz gogoratzen zer liburu zen, eta urte luzez zoko batean ahaztuta egon den kaxa atera dut, nork erreskatatu zain. Nabari da eleberri horiek inork ez dituela ukitu aspaldian, bakoitza orriztatu bitartean umedade usaina baitarie orrialdeei. Eta aukeratu dut ehun orrialde eskaseko liburu bat, azalean ageri den itsaslabarrak bultzatuta, pasarte hura paragraforen batean topatzeko esperantzaz. Tamalez, ez da hala izan, goitik behera irakurri izanagatik ere. Beste eleberri luzeagoren batek gordeko du atzetik nabilen esaldia; gogoratzen dut, ordea, zer zioen pertsonaia batek beste bat ikusi zuenean taberna bateko leihotik ortzi mugarantz begira: kostan jaiotakoek burua altxaturik izaten zutela sakonean zeudenean, begirada itsasoaren ertzera bideratzera ohitu eta gero; barnealdean jaiotakoak, berriz, burumakur egoten zirela, lurra besterik ez baitzuten ezagutzen. Aurkituko dut halako batean ditxosozko pasartea.

Gure eskualdeak duen izena duen arren, bereiz egin daitezke Kantauri itsasoaren alboan dauden herriak ez daudenetatik. Halaber, jakin nahiko nuke ea begi galduak nora bideratzen ditugun bateko eta besteko herritarrok, ea liburu hartako araua betetzen denetz. Esango nuke betetzen dudala hori, makilaria naizen partetik lurrera begiratzeko joera dudala. Eginaren eginez hartzen da ohitura, eta itsasoa hainbeste ez ikustearen ajea-edo izango da. Ohitura kontua. Mendiz inguratuta egotearena.

Aurki urtebete beteko da Belakuko kobazuloan izan nintzela duela urte mordoxka egindako mendi bueltaren oroitzapenetan. Nahi baino gutxiagotan abiatzen naiz hara aldera, Urdanpilleta auzotik Santa Marinako bidegurutze aldera joatera ohitu naizelako. Pasatzen naiz Arretamuño baserria zenaren albotik, zeina aita haurra zen garairako jada erdi erorita zegoen, eta baita adaxka batetik etxeko edalontzi bat zintzilika duen Iturrigoxotik ere, joan zein etorrian basokada bat ur edateko geldialdia, betiere aurreko egunetan euria egin badu eta ura badario, zer gerta ere. Izerdia botata ase-ase egiten duen beste urik ez dut ezagutu, gero.

Pista estaltzen duten zuhaitzak atzean utzita, Nuarbeko Ibai-Eder urtegia ikus daiteke, Urdanpilletako pare bat baserriz gain. Kilometro inguru ibili behar da Santa Marinako bidegurutzera heldu arte; hara bidean kuku-prakak loratzen dira uda partean, eta udazken hasiera bueltan, azafrai lore morexkak ere ageri dira bide bazterretan eta larreetan. Basomutilak lanean direnean enborrak pilatzen dituzte bidegurutze hartan, kamioiek sigi-sagan eraman ditzaten Santa Agedako gaineraino —Azpeitirako zein Tolosarako errepideak nahiko kurba izango ez balitu bezala—.

Tira, Santa Marinako bidegurutzean ezkerretara hartuta Albizturko auzo hartara heltzen da, Txapartegi baserri ondotik igarota eta Etxetxo goian utzita; eskuinerako bideak ez dakit nonbaitera eramaten duen —arreba eta biok abiatu ginen aspalditxo, eta atzera egin behar izan genuen; Beizamako mapa batek berez markatzen du urtegi aldera doan bidexka bat, baina auskalo zein egoeratan den orain—; eta zuzen jarraituta, maldan gora eta behera eginda, hara, beste bidegurutze bat: Maramendikoa, beste hainbeste noranzko dituena.

Eskuineko bidea hartu eta aurreraxeago Korosagasti baserria zenaren harri batzuk daude, eta dezente aurrerago, Trikumutegiko trikuharria; bidegurutzean pista albo batera utziz eta Maramendiranzko bidezidor batetik abiatuz gero, tontorra inguratu ondoren Maramendiko bi trikuharriak daude. Zelaia garbi dagoenean antzeman daitezke bi horiek, baina sasidian eta otadian sartuta dago oraintxe bertan. Aldapa behera labainkor baten ondoren aurkitzen da Domingoko mugarria, non Beizamako, Bidania-Goiazko, Itsasondoko eta Beasaingo herriek bat egiten duten. Azken bidegurutzea dago bertan: urtegiranzko bidea, Pagorriaga baserriranzkoa eta Murumendiranzkoa. Ezkerretarako azken hori da etxetik abiatu aldiro hartzen dudana.

Hortik aurrera, ez dago misterio handirik: segi, segi eta segi, halako batean mendi puntaraino heldu arte. Tartean dago Atxipimendi edo Murumendiko hagina ere deitzen dioguna, duela ez asko moztu zituzten zuhaitzek eta arantzadiek ezkutuan gordetzen zuten tontortxo bat. Eta goi-goian, Murumendi kutuna. Bertan dira suziri formako postontzia, inguruko mendien izenak ageri diren harrizko mahaia eta mendizaleen omenezko zenbait gurutze eta oroitarri. Eta burua altxatuz gero, itsasoa, pare-parean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide