Sex and the City telesaila, hirugarren denboraldia, hamazazpigarren atala. New Yorkeko jatetxe batean Carrie, Miranda eta Samantha Charlotteri entzuten ari dira, aitortzen dien bitartean haren senarraren etxetzarreko lorazainak, arrosek bezain lurrin hordigarria darionak, sexu desira aseezina eragin diola, harik eta jantokian bosgarren andre bat sartzen den arte: Natasha. "Ezta okurritu ere burua altxatzea", ohartarazten die Mirandak bere lagunei, baina beranduegi da. Elkar ikusi dute Carriek eta amorantea izan zuen gizonaren emazte ohiak. Txintik ere ez zaio atera laukoteari; besteak, berriz, bira egin eta heldu bezala egin du hanka.
Halako estualditik ihes egiteko modu bakarra dago Carrie Bradshaw bezalako eroskybatentzat, erosketei emana den batentzat: kreditu txartelarekin keinu bat eginda dolarrak eta dolarrak oinetakoetan xahutzea. Txin-txin, txin-txin, diruaren hotsa/ haretxek ematen dit, maitea, bihotzean poza. Behar horrekin atera da jatetxetik, eta erakusleiho hari eta besteari begira galdu egin da Manhattan auzoko kaleetan barna. Hasi zaio galdetzen kontrako noranzkotik datorren gizon bati ea non den West Broadway kalea...
–Give me the bag.
–What?
—The bag.
—It’s a Baguette
J’adore Carrieren adorea. Atrakatzen ari zaio gizon bat, eta soinean daraman lentejuela moredun poltsa eman aurretik argi uzten dio ez dela edozein poltsa, Fendi luxuzko markako Baguette bat baizik. Kendu ditu eraztuna eta erlojua ere, eta gizonak mehatxatzen du azken aldiz: Manolo Blahnik takoiak emateko. Egun txarra aukeratu zuen Carriek bere oinetako faboritoenak janzteko, erdi prezioan lortu zituenak. Hanka hutsik ibiliko da azkazal denda batera sartu arte laguntza bila, Miranda salbatzaileak aurreko denboraldiko ante arrosazko sandalia batzuk ekartzen dizkion arte. Kosmopolitta galanta da Carrie, eta muzin egin dio horiek janzteari. Nahiago du hanka hutsik joan handiegi geratzen zaizkion eta zatarrak baino zatarragoak diren oinetakoak janztea baino. Ohartu da esajeratzen ari zela, eta amore eman du azkenean, takoiak arrastaka daramatzala.
Ez dago, ez, New Yorkeko eta Beizamako zutabegile birek partekatu dezaketenik, behatzen artean zigarroa izateko nezesidadea izan ezik, eta horretan ere desberdinak izan behar, batak Marlboro Light paketea eskura baitu dirutza ordainduko zuen Fendi Baguette poltsan, eta besteak garbiketa bat eskertuko lukeen totean daraman Pueblo tabakoa bildu behar baitu esku hutsik ikusten den aldiro, baldin eta muturrak zein paperak ahaztu ez bazaizkio. Ziur asko I couldn’t help but wonder-ka egongo dela bata The New York Star egunkarirako Sex and the City zutabea idazten, zigarroaren ke adarrak egongelako leihoko zirrikitutik ihes egiten duen bitartean; bestea, berriz, nola demontreka dago harenean, Guka-rako Puntuka zutabea tekleatzen.
Hartu arnasa. Eutsi. Bota ke bafada.
Bada, bai, inbidia zikina diot Carrieri, zutabe horretan idazten baitu New Yorken bikote gabea izateaz: norbait ezagutzeaz, maitemintzeaz, sexuaz, harremanez, aldentzeez, uzten joateaz, itzultzeaz, engainatzeaz, bestea izateaz, bihotza hausteaz... Ogibide horrek West Village auzoan apartamentu baten alokairua ordaintzeko lain ematen dio; eta hiriko tabernarik txikenetan cosmopolitan kopatzarrak eskatzeko Mirandarekin, Samantharekin eta Charlottekin juntatzen den aldiro; eta Manolo Blahnik, Jimmy Choo eta Christian Louboutin markako takoiak New Yorkeko espaloietan erakusteko; eta berez nahiz ez zuen eta diru zorroarentzat garestiegia zen larru marroizko besaulkia erosteko... Azken hori altzari diseinatzaile batekin ligatzeko egin zuen —bakoitzak bere metodoa du, aizu—.
Egoera berdintsuan naiz ni, zerbait esatearren: banuen gordeta Wallapopeko faboritoetan murano beirazko lanpara eder bat, Beizamako jaiotetxetik joango naizen halako batean egongela berrian jartzeko. Buruan fantasia bat irudikatzea... Horren tentaldian erortzea baino errazagorik? Atera gaitzazu gaitzetik. Esperoaren esperoan, madarikaturen batek erosi egin zuen; horren jakinarazpena heldu zitzaidanean, orduan ulertu nuen benetan Carriek zer sentitu zuen ez edozein poltsa lapurtu ziotenean. Hor konpon, Marianton, epe motz zein ertainean, behintzat, biziko ez naizen apartamentuko dekorazioa. Badut nahikoa denbora beste bilaketa batean dozena bat like emateko eta salduko ez direlako ustean hemendik auskalo zenbatera eskuratzeko.
Tira, muranozko lanpara batek gutxirako balio izango dit non jarri ez badut.