Batek daki zer demontre ekarriko zigukeen biharamunak; geuk ere ez genekien, inondik inora, baina urri amaieran zer egin planifikatzen ari ginen dagoeneko. Duela hilabete pasatxo izan zen. Pare bat marikoi, Lady Gagaren Mayhem albumeko birako pare bat sarrera erosten –erosten saiatzen, hobeto esanda–. Neu hemengo 12:00etan, salmenta hasi orduko laneko ordenagailuan leiho bat irekita nuela, ikusten ilaran hama-piko-mila munstro txiki nituela nire aurretik; bestea, berriz, Argentinako 07:00etan, perkantze zenbait zirela medio sarrerak erosteko orrialdean sartu ezinik. Halako batean, amore eman behar izan genuen, ezinezkoa izan zelako bi eserleku ditxoso gordetzea. Kontsolazio bakarra dugu pentsatzea noizbait etorriko dela Azpeitiko Sanagustin edo Altsasuko Iortia kulturguneetara. Delusion, convince yourself… Geurea bai deskuidua.
Egiari zor, marikoiok eldarnioan zimendatutako agertokiak imajinatzeko erraztasuna dugu, errealitatetik eskapatzeko beharra dugula ez esatearren; horietan gotortzen gara, ez dugulako egiteko hoberik; eta delirioak dakarren txispa apur hori ere ez dator gaizki. Azken batean, inolaz ere ez ahaztu behar dena behar dela egingo dugula fantasiaren izenean, balitekeelako magiarekin, sorginkeriarekin, aztikeriarekin egia bihurtzea…
Michelle Laboak abestuko zukeen bezala: "Gaga, biga, higa, / laga, boga, sega / zai, zoi, bele, / harma, tiro, pum… / Xirristi-mirristi / gerrena plat, / olio zopa, / kikili salda / Urrup edan edo klik… / ‘Abracadabra’!".
Esan diezaiotela Argentinan dagoenari. Urriko hitzordua bertan behera geratu arren, esan zuen ez zela geratuko Lady Gaga ikusteke: Rio de Janeirorako hegaldia hartu zuen duela bi aste, eta Copacabanan ikusi zuen amatxo munstroa, caipirinha artean, han elkartu ziren bi milioi eta erdi lagunekin batera –modurik ez–.
Eta haraino joan ezin izan zuena erremedio bila. Baita aurkitu ere. Duela hilabete Atharratzen (Zuberoa) izan ginen Bekat'uros egunean, eta a zer eguna: juxtu-juxtu lortu genuen aparkatzea; bazkarirako tiket gabe geratuagatik ere otordu propioa muntatu genuen; señoro zein señoren batukadarekin kalejira egin genuen herri osoan zehar; Amorru Pneumatikoak taldeak performance erotiko-festiboa eskaini zuen; Altxalili kolektibokoek kristoren xou bukoliko eta folklorikoa eman zuten, Arrate Irratiko arrosario eta guzti...
Horiez gain, Albina Stardust trabestia ere ikusi genuen oholtza gainean. Bere Izar albumeko kantu batzuk abestu zituen, eta, nola ez, baita Lady Gagaren errepertorioko bakarren batzuk ere: lentejuela granatezko kapa astindu zuen Abracadabra performatu bitartean, eta amatxo munstro mamarratxoa zela ere antzeztu zuen Bad Romance abestiarekin. Zer dira trabestiak amei omenaldiak egin gabe? Klaskatzekoa baita, dudarik gabe, egiten duten zerbitzua, literala bezain figuratiboa. Klask-klask, klask-klask, behatzen hotsa.
Txalorik ez baitugu jotzen marikoiok. Besoak luzatu eta behatz potoloa erdikoarekin klaskatzen dugu. Galdetu ere egin didate behin baino gehiagotan zer esan nahi duen keinu horrek. "Txalo itia bezelakua da", erantzuten diet nik uler nazaten; norbaitek esleitzen duenean hura goraipatzeko egiten dela esanda inor gutxik entendituko didalako. Klask-klask!
Kolektibokoon bizipenek bezainbeste elkartzen gaituzte partekatzen ditugun iruditeriek, erreferentziek, hitz egiteko erek –"queer pertsonok gure hizkuntza propioa daukagu", esan zuen Albina Stardustek, elkarrizketa batean–, eta zapaltzen gaituztenen kontra borrokatzeak. Ez ahaztu azken hori, gero.
Oriyoko Pakak Orioko mugimendu feministak Paka Fest festa transmaribibolloa ospatu zuen joan den larunbatean, eta, besteak beste, Altxalili kolektibokoak izan ziren bertan. Bada, astelehen gauean Oriyoko Pakakeko kideek salatu zuten eraso egin zietela festa horretan: erasotzaileek oihu egin zieten, eta festaren harira jarritako pankartak eta kartelak kendu zituzten. "Zerk mintzen du zuen maskulinitatea? Nahikoa da! Ez gaituzue kikilduko, gu ere herriaren parte baikara, eta ez dugu onartuko inolako erasorik. Kontuz, armairutik kanpo gabiltza!", adierazi zuen mugimenduak sare sozialetan. Babes osoa erasotuei eta gaitzespen are handiagoa erasotzaileei.
Larunbat honetan, maiatzaren 17an, LGTBIQ+fobiaren aurkako eguna izango da –eta horren aitzakiarekin egin zuten Paka Fest, Orion–. Azken aipamen bat Albina Stardusti; honela kantatzen du Zuek abestian: «Nor da horrela sentiarazten gaituena? /Mehatxuz beteta, irainez josita /Nor da bizitza oztopatzen gaituena? /Begirada epaile, behatz salatzaile». Eman pare bat buelta.