Euskaltegian joan den asteko klasean entzuna: Zumaian duela hogei bat urte edan ordez drinkatu erabiltzen zutela. Testuinguruak testuinguru, egokia omen da horrelako mailegu zuzenak erabiltzea, kasu horretan, ingelesetik euskarara ekarritakoak; horixe esan zigun irakasleak, hizkuntza "bizirik" dagoela erakusten baitu. Euskaltzaindiak urtero onartzen dituen hitzez gain, gure hizkuntzak taxuzko hitzak izanagatik erdaretatik oraindik gehiago drinkatuko balu, zer?
Zerbitzatu: norbaiten edo zerbaiten zerbitzuan egon, haren esanak bete; bezeroari hark eskaturikoa eman; janariez eta edariez mintzatuz, mahaira ekarri edo mahaira atera, platerean edo edalontzian jarri.
Zerrendatutako hiru adiera horiek onartzen ditu Euskaltzaindiak. Aitortzen dut hitzez hitz obeditzen dudala hark agindutakoa, nahiz eta zenbaitetan men desegin behar den hizkera zuzen bezain zenbaitetan zurrunetik ihes egiten duten egoeretan, testuinguruak testuinguru. Beraz, laugarren esanahi bat erantsi diogu zenbaitzuok aditz horri; ez da zinez erraza esaldi bakar batean azaltzea. Dakienak badaki, eta ez dakienak ez daki. Saiatuko naiz, behintzat.
Garaiko estigma eta morala alde batera ezin utzita, XIX. mendearen hirugarren herenean zabaldu zen drag ball-en sona New Yorkeko Harlem auzoan, eta, handik, AEBetako beste zenbait hiritan. Gorputz disidenteentzat kalea baino espazio seguruagoak ziren gisa horretakoak, norbera izateko okasioa akaso. Elkar uler dezagun, hona hemen itzulpen-proposamena ekialdeko euskalkien laguntzarekin: trabesta, trabestien besta. Ileorde, takoi, luma, bibote faltsu eta elegante eguneko moduko traje eta guzti, lehiaketak ere egiten zituzten festa amaieretan soineko ederrenak eta imitazio errealenak saritzeko. Arraza segregazioa indarrean zen, eta trabestak inklusiboak ziren arren, epaimahaikide zuriek erabakitzen zuten erreginen artean erreginena –askok zeritzen azpikeriaz jokatzen zutela–. Horrela jarraitu zuten hamarkada luzez, emakume trans eta beltz batek aski zela esan zuen arte.
Denbora-jauzia 1967ko New Yorkera, The Miss All-American Camp Beauty Pageant trabestien lehiaketara. "Hirugarren txapeldunordea, Manhattangoa, Miss Crystal LaBeija!". Ezin sinetsita, irabazlea iragarri aurretik ospa egin zuen oholtzatik epaileen zurikeria salatzeko. "Badakizue [Rachel Harlowek] ez zuela merezi, epaileek ere bazekiten hori!". Frank Simon zuzendariaren kamera aurrean bota zituen bota beharrekoak –The Queen (1968) lanean dokumentatu zuen lehiaketa–: "Atera argazkia niri eta Harlowi eta ikusiko dugu nor den ederragoa!". Lor ezina lor nahi zuen, eta azala zuritu izanak ere ez zion koroa irabaztea bermatu. Ez gehiago: "Eskubidea dut nire kolorea erakusteko! Ederra naiz eta badakit ederra naizela!".
Kemena behar da sistema bat azpitik iraultzeko, eta soberan zuen Crystal LaBeijak. Handik bost urtera bota zuen, Lottie LaBeijarekin batera, The 1st Annual House of LaBeija Ball, beltzek eta kolektibokoek beltzentzat eta kolektibokoentzat antolatutako trabesta. Eta, bide batez, House of LaBeija sortu zuten, house-en aitzindaria –hautatutako familiak dira, zirenak zirenagatik bakarrik utzi zituztenek elkarri laguntzeko babeslekuak–. Ordutik aurrera, house bakoitza bere trabestak antolatzen hasi zen.
Butch queen, femme queen, face, body, executive, runway… Kategoriaka lehiatzen ziren ball horietan, eta fantasia hori realness, errealitate gisa saldu behar zuten. Zerbitzatu behar zuten –horra hor aipatutako zerbitzatu-ren laugarren adiera–. Trabestetan bizitza errealean izan ezin zutena izan zezaketelako. Har dezagun executive realness adibide gisa; Dorian Corey trabestiak azaldu zuen ezin hobe Jennie Livingstonen Paris is Burning (1990) dokumentalean: "Berez ez zara exekutibo bat, baina exekutibo itxura duzu. Erakusten ari zara mundu heteroari exekutiboa izan naitekeela horretarako aukera izango banu, baten itxura baitut, eta hori lorpen bat da".
Horixe litzateke zerbitzatu hitzaren laugarren adiera. Zerbitzatzea da zerbait egitea zoragarriki, xarmanki, miragarriki, ederki, ezin hobeki, perfektuki, lotsagabeki… Horrela bai uler daitekeela, esaterako, zer esan nahi duen Albina Stardust trabesti ez bitarrak "zerbitzu bat naiz" dionean Harribitxi abestian. Edo zerbitzatzen duzu, edo alergia diozu zerbitzatzeari; halako erraza da.
Bada proposatu nahi dudan beste itzulpen bat. To slay hitzaren berezko adiera da indarkeriaz hiltzea, bereziki piztia bat. Ballroom kulturan baten itxura, jarrera, dena delakoa bestea aho bete hortz, txundituta, flipatzen, zur eta lur uzteko modukoa denean erabiltzen da. "Bitch, you slayed". Euskaraz? Esleitu. "Aizan, esleitu egin dun".