Oriyoko Pakak taldeak larunbatean erasoak jasan zituela salatu du sare sozialetan. Zehazki, esan du larunbatean Paka Fest jaia ospatzen ari ziren bitartean, zenbait herritarrek haien kontrako oihuak egin zituztela, eta haiek jarritako pankartak eta kartelak kendu zituztela "gorrotoz". "Pakak erasotuak izan gara berriro, LGTBIQ+ fobiaren kontrako eguna ospatzen ari ginen bitartean", salatu dute. "Eraso horiek jende jakin batengandik jasotzen ditugu behin eta berriz, eta pasatutakoak pasatuta ere, inpunitate osoz jokatzen jarraitzen dute. Noiz arte? Non daude mugak? Zerk mintzen du zuen maskulinitatea?", esan dute idatzian.
"Errespetuzko elkarbizitza eraikitzeko garaia" dela aldarrikatu dute, eta azpimarratu dute ez direla isilduko, ezta ezkutatuko ere: "Ez gaituzue kikilduko, gu ere herriaren parte baikara, eta ez dugu onartuko inolako erasorik".
Orioko Futbol Taldearen erantzuna
Gaiaren harira, Orioko Futbol Taldeak ere sare sozialetara jo du, idatzi gogor bat zabaltzeko. Lehenik eta behin, erasoen aurrean, "elkartasuna eta ulermena" adierazi dizkio Oriyoko Pakak taldeari. "Ez dago inolako justifikaziorik horrelako ekintzarako, eta irmoki gaitzesten dugu gertatutakoa", esan dute.
Era berean, ordea, gaitzetsi egin dute Pakek, gertakarien harira, herriko futbol kluba seinalatu izana: "Azken orduetan sare sozialen eta ahoz ahoko mezularitzaren bidez zabaltzen ari diren 'batenbatek jakin nahi badu, Oriokoren peña izan zen' gisako mezuak kezkagarriak eta onartezinak iruditzen zaizkigu. Uste dugu guztiz arduragabea dela gertatutakoaren harira Orioko Futbol Taldearen izena nahastea, are gehiago inolako frogarik edo loturarik gabe. Azpimarratu nahi dugu ez zuzendaritzako inork, ezta festa ospatzen ari zen taldeko kideetako inork ez zuela inolako loturarik izan gertatutako gertaerarekin". Izan ere, larunbatean futbol kluba ere ospakizunetan zen, gizonezkoen senior taldeak Ohorezko Mailara igotzea lortu baitzuen arratsalde hartan.
Klubak gogor kritikatu du mugimenduaren jokaera: "Ezin dugu isilik geratu gure klubaren izen ona zikindu eta irudi publikoa lausotzen duten aipamen arbitrario eta oinarririk gabeen aurrean. Ez da zilegi kirol elkarte bat epaitzea, are gutxiago herri mailako elkarte bat, herritarron artean elkarlana eta balore positiboak sustatzen dituena. Klubak urteak daramatza herriari eta kirolari ekarpen positiboa egiten, eta ez dugu onartuko lan horiek kolokan jartzea iritzi arinekin. Horregatik, eskertuko genizueke zuen protagonismoa bidera dezazuen modu eraikitzaile eta positibo batean, gure irudia lausotu eta zatiketa sortu beharrean".
Idatziaren amaieran, ustez futbol klubaren kontrako mezua zabaldu duenari zuzendu zaio: "Argi utzi nahi dugu guk badakigula nork zabaldu duen mezu oker eta kaltegarri hori, eta pertsona hori ez dela ongietorria izango aurrerantzean Orioko Futbol Taldeko kirol instalazioetara".