Galiziarako bidaia azkar honek badu oporretako bidaien antzik. Aldez aurretik prestatu behar dira; esaterako, maleta prestatu behar. Beno, motxila. Edo biak. Bakoitzak bere beharren arabera. Hori bai, gero talde osoaren ekipajeak kotxe edo furgonetako maletategian sartu behar dira. Nola ez, bada ez badako gauzak beharrezkoak dira. Euria egingo badu zira eta txalekoa, eta ezin ahaztu uretako txankletak; lehorrean geratu behar bada, zapatilak. Hemen gazteenei aholkua: beti txankletak jantzita ekin saioari, lehorrean geratu eta zapatilak jantzi behar badira, izango dugu astia. Saioari beti jarrera baikorrez ekin. Denok nahi dugu uretara joan, ezta? Bada, jantzi txankletak. Zapatilak, gerorako. Ez ahaztu hotelak igerilekua daukala, beraz, bainujantzia ere barrura.
Arraunlariaren maleta bezalaxe, traineruaren atoia eta furgonetak. Hauek ere beharrezko eta badaezpadako gauzez beteta: arraunak eta ordezkoak, trainerua, astoak, pneumatikoak, motorrak, gasolio eta olioa, palka, tapakia, albokoak eta gainontzekoak. Ezin ahaztu erreminta kaxa eta hainbat piezaz betetako kutxa (ia-ia Doraemonen poltsiko majikoa): torlojuak eta azkoinak (herriko burdindegian baino neurri eta modelo gehiago aurki ditzakezue hemen), kremailerak, toleterak, txantelak, tostak eta beste hainbat gauza. Eta aipatu ez ditudan beste hainbat tramankulu.
Bidaiaria bazara, askotan entzungo zenuen bidaiak hiru aldiz bizitzen ditugula: amesten ditugunean, bizitzen ditugunean eta gogoratzen ditugunean. Bada, gure bidaiak planifikatu eta amestutakotik gorabehera dezente izan ditu. Ondo planifikatuta ere beti ez da pentsatu bezala ateratzen. Badira zure esku edo planifika ezin daitezkeen gauzak. Esaterako, hegaldi baten atzeraldia, auto istripu bat errepidean, Matchu Piccu-ra bidean jasandako mendiko gaitza (mal de altura), ozeano Indikoko irla batera bidean itsasontzian sufritutako ondoeza, 3.000 metroko sumendira igo hainbat orduz bertako egunsentiaz disfrutatu nahian eta behe-lainoa bistan, bezperan jandakoak eragindako ondoeza eta komunerako joan-etorrian ibili beharra, edo eskaileretan egindako bihurdura. Horrela jarrai nezake adibideak ematen.
Adibideak alde batera utzi eta taldekide baten ondoezarekin egin genion bidaiari ostiralean. Larunbatean, ordea, aste osoan zehar buruan geneukan lanari ekin baino 10 minutu lehenago, beste taldekide batek izan zuen ezbeharra. Krak. Eta momentu horiek dira erabakiak zirt edo zart hartu beharrekoak eta datorrenari heldu. Presaka, urduritasunez eta planifikatu gabeko zerbaiti aurre egitea tokatu zitzaigun.10 minutu izan genituen beharrezko aldaketak egin eta ontzia hankaz gora jartzeko, hala nola irteera lerroan garaiz jartzeko. Hau guztia gutxi ez eta, epailearen mehatxuak: ez baginen garaiz iristen hiru segundoko zigorra.
Hau guztia ez da prestatzen, baina badira denboraldian edo urteetan zehar ematen diren gertaerak. Dabilenari pasatzen zaio, eta lehorrean geratuko zarela uste arren, begiak itxi/ireki batean traineru barruan irteera lerroan aurkitzen duzu zure burua.
Bidaia gogorra izan da, larunbatean zaurituta irten ginen eta igandean hala nola aguantatu genuen. Bidaia honetako zauriak gogortuko gaitu, asko ikasi dugu eta aurrera egingo dugu. Asteburuko bidaia, bizipen, esperientzia, zauri eta kilometroak maletan sartzen zaizkigu, badaezpadazko gauzen ondoan.