Batxilergoko ikasleen %80k ez dakite datorren ikasturtean zer ikasketa egin nahi dituzten, unibertsitate orientaziorako lan egiten duen Unitourrek aurten ikasle multzo bati egindako ikerketa batek ondorioztatu duenez. Ikasketak duela urte bete amaitu banituen ere, pasa den astean izan nuen graduazio ekitaldia Bilbon. Kontua da ordu eta erdi iraun zuen graduazio ekitaldi hartan (mezetara joateren parekoa, portzierto) hausnarketarako denbora franko izan nuela, eta kazetaritza ikasketak gauzatzeko hautua zer dela-eta egin nuen pentsatzen jarri nintzela.
Egia esango dizuet, ez dut gogoan Batxilergoak iraun zuen bi urte haietan behin ere argi izan nuenik. Garai hartan ezjakintasunak asko beldurtzen ninduen arren, gaur egun, kanpotik begiratuta, arraroena kontrakoa iruditzen zait; hau da, hain gaztea izanik, etorkizunean zer izan nahi dugun argi izatea. Horrez gainera, nire buruan ez zen gradu bat ez ikastearen aukerarik sartzen, ez dakit zehazki zergatik, baina gizartean jasotako mezuak zerikusia izan zuela seguru nago. Hori gutxi ez balitz, nik behintzat ez nituen behin Batxilergoa amaituta eduki nitzakeen aukeren erdiak ere ezagutzen, entzunenak eta nolabait esateko 'oinarrizkoenak' ezagutzen nituen, eta horien artean aukeratu behar.
Lehen aipatutako ikerketak ere badakar nire arreta piztu duen beste datu bat. "Matrikulatuen %52k ez dituzte ikasketak bokazioz aukeratzen"; hau da, ikasleen erdiek baino gehiagok beste arrazoi batzuek bultzatuta hautatzen dute, nolabait esateko, euren etorkizuna. Pixka bat azaletik begiratuta, hainbat arrazoi aurkitzen dizkiot nik datu horri.
Hasteko eta behin, gaur egun gazteok bizi dugun ezjakintasun eta ezegonkortasun garai honetan, ikasketa bakoitzak izan ditzakeen irteera profesionalak guztiz erabakigarriak izan daitezkeela iritzi dut. Azken finean, denok gabiltza egonkortasun baten bila, maila batean edo bestean bada ere.
Haatik, bada nerabe batek bide batetik edo bestetik jo dezan eragin zuzena duen beste zerbait. Eta bai, gurasoen edota ingurukoen eraginaz ari naiz. Zortez, nik ez dut horrelakorik sentitu etxean, une oro nire interesei jarraitzeko bidea zabalik utzi baitidate, baina hurretik ezagutu ditut etxeko presioagatik edo etxekoen nahien arabera jokatu dutenak.
Eta, zer dakarren horrek? Ba, gehiengoak imajina dezakezuena, gazte askok eta askok euren ikasketak bertan behera uztea. Alabaina, azpimarratu nahi dut karrera erdibidean uztea eta beste zerbait ikasten jartzea ez dela aukera bat etxe guztietan. Seme-alabak graduko ikasketetan matrikulatzea buruko min handia bihurtzen da familia askotan, ekonomikoki hitz eginda. Hori horrela, nerabe askok presioagatik amaitzen dituzte, gurasoei esplikaziorik ez emateagatik, edo beldur soilagatik. Ez nuke nahiko, egia esan, gazte horien azalean egoterik.
Halaber, konturatu naiz funtzionario izateko nahia duten ikasleen kopurua ere geroz eta handiagoa dela. Azken finean, lehenago esan dudanerekin lotzen dut hau zuzenean; egonkortasuna nahiz bizitza erosoa eta lasaia izateko soldata izatea da askoren nahia.
Hasierara itzuliko naiz artikuluari amaiera emateko, eta modu labur batean graduazio ekitaldian atera nuen ondorioa azaltzen saiatuko naiz. Nik ez ditut nire ikasketak bertan behera utzi, edo ez naiz beste gradu batera aldatu; beraz, argi utzi nahi dut iritzi hau, nolabait esateko, 'egoera zail horretan' egon ez den pertsona batena dela. Guztiz normala da 17 urterekin etorkizunarekin zer egin nahi duzun idea zipitzik ere ez izatea. Era berean, ez da mundua bukatuko ikasketak uzteagatik, eta alboan daudenei lehenago edo beranduago pasatuko zaie haserrea.