Krisi humanitarioa

Erabiltzailearen aurpegia Eider Agirre 2026ko abuztuaren 27a

Uztailaren 30ean Ceutan sartutako pertsona multzoa, hango hondartza batean. (RTVE)

Eider Agirrek gaurko Guka egunkariaren Puntuka atalerako idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

San Inazio bezperan, Azpeitian festetan bete-betean ginela, Espainiako Estatuko testuinguru politikoa nahaspilatu zuten Ceutako gertakariek. 80.000 pertsona inguruk Afrikako kontinentean dagoen eta Espainiako lurraldea den Ceutarako bidea hartu zuten Marokotik. Ordu gutxiren buruan, kolapso handia gertatu zen hiri horretan; izan ere, Ceutak, begien bistakoa denez, ez dauka gaitasunik hainbeste pertsona bertan hartzeko. Pare bat egunen buruan muga zeharkatu zutenen ehuneko handi bat Marokora bueltan bidalia izan bazen ere, ordurako nahikoa hauts harrotu zituen gertatutakoak Espainiako politikan nahiz nazioartekoan, migrazioaren gaia berriz mahai gainean baitzen.

Sare sozialetan zabaldu ziren irudiak ikusita, badirudi Marokoko poliziak migratzaile horien sarrera baimendu egin zuela; alegia, itxura guztien arabera, Marokoko erregimenaren oniritziarekin edo baimenarekin pasatu zirela hainbeste pertsona Espainiako lurretara. Eta esan beharrik ez dago horrek zer tentsio politiko sortu dituen bi herrialdeen nahiz inplikatuta dauden agente politikoen artean, Espainiak Marokorekiko daukan menpekotasun harremana dela medio. Ceutatik urruti baldin bagaude ere, gatazka politikoek hartu ohi dituzten dimentsioak geroz eta mundu mailakoagoak direnez, ez dago soberan gertakari horiri ere erreparatu eta irakurketa politiko egokiak egiten saiatzea. 

Hasteko, esan beharra dago gertatzen ari dena krisi humanitario bat dela. Instituzioek datu kontrajarriak eman badituzte ere, ehundik gora hildako kontatu dira, eta erantzun gaitasunik gabeko Ceutan, beste ehunka daude kale egoeran azken aste hauetan, gaixotasunek, goseak edota prostituzio sareek berenganatzeko arriskuan. Politikariek presioa egiteko erabiltzen dituzten gertakarien itzalean geratzen dira beste behin ere ezer ez daukatenak, beren jaiolekuetatik ihesi egin behar izan dutenak eta bidean geratu direnak.

Migrazioaren fenomenoa arma gisa erabiltzen dute zenbait tendentzia politikok, baina errealitatea da behar-beharrezkoa dela inperialismoa sostengatzeko lanaren banaketa internazionalean. Horren emaitza da oligarkiek munduko biztanleriaren gehiengoa bizi baldintza penagarrietan, inongo eskubiderik gabe eta potentzia inperialistek kontrolatutako erregimen autoritarioen pean izatea. 

Kontua da politikan edozerk balio duela etsaiari min egiteko, baita jendearen bizitzek ere. Oraingoan, badirudi Espainiako Estatuaren egonkortasun nazionala eta integritatea jarri direla zalantzan; itxura batean, Marokok presio gisa erabili du migrazio ekintza hori. Eta noski, beste zenbait herrialdek –Frantziak eta Italiak beren mugak sendotu dituzte, eta AEBek Espainia herrialde arriskutsu gisa kalifikatu dute– eta alderdi espainiarrek ere ez dute egoera pasatzen utzi PSOEren gobernua desegonkortzeko. Gorakorra den faxismoak ere "inbasioaz" eta "atzerritarren erasoez" hitz egin du; are gehiago, Torrepachecon ikusi genituen sorgin ehizak egon dira zenbait momentutan Ceutan ere, talde neonazi eta faxisten partetik.

Pedro Sanchezek, bere aldetik, erasotzat hartu du gertatutakoa, baina Marokoren erantzukizuna seinalatu gabe. Baina zergatik hori? Espainiak Rabatekin daukan harremana hainbat faktoreri lotuta dago: Aljeriarekiko daukan gertutasuna, Marokok mundu zabalean dituen bazkideak, Mendebaldeko Sahararen egoera, Marokok Ceuta eta Melillarekin dituen interes espantsionistak, bi herrialdeen arteko merkataritza harremanak... Aipatutako gako horiek izan daitezke PSOEren gobernuak Marokorekin daukan tentsioa mahai gainera ez ateratzeko arrazoietako batzuk. 

Geopolitikatik haratago, ordea, arrazismoari irekitzen zaion bideak kezkatzen nau batik bat. Izan ere, berez ezkertiarra den gobernua da, bere diskurtso humanistetatik haratago, erreforma autoritarioak aurrera eraman dituena azken urteetan, bai migrazioaren externalizazioarekin, bai Migrazioaren Europako Ituna onartuz. Kezkagarria da arku parlamentarioan ezkerrean kokatzen den alderdiak neurri horiek onartzea, gorantza datorren ultraeskuinak oraindik eta diskurtso erasokorragoa erabil dezakeelako. Dena den, inork ez du Maroko seinalatu nahi, PSOEk lehen aipatutako arrazoiengatik, eta Voxek Marokoren kide leiala diren AEBen eskutik jaten duelako. 

Hala ere, kolpatuak direnak ezer ez duten milaka migratzaile dira; faxismoa eta eskuin muturra egoera hori ari baitira probesten gorrotoa zabaltzeko, itsasoa zeharkatu behar izan dutenei gizatasuna kenduz. Agente politikoak dira migratzaileen aurkako neurri zorrotzak eskatzen ari direnak, indar armatuen indar erakustaldiak aldarrikatzen ari direnak, beren espainiartasuna zalantzan jar ez dadin.

Bizpahiru aste pasatu badira ere, mugimendu gehiago egon dira mugan: Marokoko gobernuak erakutsi nahi izan du muga zaintzen ari dela gutxienez zalantzazkoa den jokaldi mediatiko baten bitartez, joan den abuztuaren 15ean. Baina orain ere, beste behin, munduko gerra guztietan bezalaxe, gertakariok garbi erakusten digute nor den kolpatua, nor den itsasoratua, deserriratua, oligarkia handien eta politikarien joko ustela elikatzeko. Burgesiak bere espantsioa eta diru gosea asetzeko, hildakoak eta kriminalizatuak munduko langileriak jartzen ditu; hortxe, benetako krisi humanitarioa.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide