Emakumeok babesgabe?

Erabiltzailearen aurpegia Eider Agirre 2025eko azaroaren 27a

Azaroaren 25ean Itaiak deituta Azpeitian egindako mobilizazioa. (Nerea Uranga)

Eider Agirrek gaurko Guka egunkariaren Puntuka atalerako idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Aurtengoan ere pasatu da Azaroaren 25a. Eta albistegietan, sareetan edota instituzioetan egin diren kanpainak haizeak eramango ditu, berriro, indarkeria matxista exisitzen ez denaren ideia faltsu bezain antolatua bueltan etor dadin gure pantailetara. Ez da hori indarkeria matxista kasurik ez dagoelako, ez noski; gehiago dauka indarkeria horrekiko sektore batzuek hartu duten jarreratik. Herrian bertan ikus ditzakegu oraindik ere indarkeria matxistaren kasuak, baina sareetan zabaltzen diren ideiek errealitatea jaten dutelakoan nago, indarkeria bera ukatzera iristera arte.

Niri ere noizbehinka agertzen zaizkit podcastak zein halako adierazpenak, gizonek gidatuak. Eta paso egin beharrean askotan erortzen naiz tentazioan, nahiz eta haserre bizian bukatu. Harrigarriak dira zabaltzen dituzten astakeriak. Bideo horietako batean gizon bati entzuten nion beldur zela emakumeekin ligatzeaz, gaur egun edozein txorakeriagatik salaketa faltsuak egiten direlako. Beste munduko zerbait eman lezake baieztapen horrek, baina ikerketek diote egungo gazteen %47k uste dutela salaketa faltsuen aurrean babesgabe daudela. Alegia, mutil gazteen artean normalizatzen ari dira ideia hauek, nahiz eta datu ofizialek guztiz kontrakoa dioten: salaketa faltsuengatik kondenatutakoak %0,0084 izan dira 2009-2023 artean. Diskurtso honek indarkeria matxistaren existentzia bera ukatu nahi du, ideologia faxista indartuz eta erasotzaileen inpunitatean sakonduz.

Hori gutxi ez, eta genero indarkeria legea ere gizonen aurkako lege bat dela diote horietako askok. Baina, akaso, gizonak emakumeon aurrean babesgabe daude? Zapalduta daude gizon izate soilagatik? Badago errealitatea ukatu eta halako tabula rasa bat egin nahi duenik, jakinik erabat faltsua dela egiten ari den konparazioa. Emakumeok zapaltzen gaituen sistema batean gaude: lan baldintza txarragoak eta soldata baxuagoak dauzkagu, indarkeria matxistara kondenatuta eta politikoki eta sozialki gutxietsita gaude... Desberdintasun sozial horrek posizio ezberdinetan kokatzen gaitu gizonekin alderatuz. Indarkeria matxista egunerokoan jasaten dugu, emakume izateagatik. Horrek edozein indarkeriatatik libre uzten ditu gizonak? Ez, noski; eta horien aurka egitea ere beharrezkoa da. Baina indarkeria horiek ez dira egiturazko matxismoaren ondorio, klaseetan banatuta dagoen gizarte baten ondorio baizik. Gizonen babesaren izenean emakumeon zapalkuntza ukatzeak matxismoa ezkutatu eta normalizatu besterik ez du egiten.

Badira azken urteotan indarkeria matxistaren adierazpen konkretu batzuen aurrean asaldatu diren ahots berriak ere. Zoritxarrez, ordea, ez da kasualitatea ideia faxistak normalizatzen ari diren garai berean ematea fenomeno hau. Izan ere, indarkeria kasu horiek etorkinak kolpatzeko eta arrazakeriari aterak irekitzeko erabiltzen ari da ultraeskuina. Horrela, segurtasun faltsuaren ideia hedatu, eta politika arrazistak zein poliziaren areagotzea eskatzeko justifikazioa bilatzen dute. Oinarrizkoenak diren emakumeon eskubideek axola ez dieten pertsonek ahotsa altxatzen dutela ikusteak agerian uzten du jende honek zertarako baliatu nahi dituen eraso hauek. Ez behintzat, emakumeok bizi dugun indarkeria matxista ezabatzeko: beraiek baitira gero egunerokoan bizi ditugun indarkeria ezberdinak ukatzen lehenak. Esan behar da matxismoaren errealitatea bestelakoa dela: hau da, eraso gehienak familia esparruan eta ezagunek eginak dira. Aurtengo Azpeitiko datuei erreparatuz gero ere, ondorioa bera da: zenbatu diren indarkeria matxista kasuen %72 bikotekideek edo bikotekide ohiek egin dituzte. Indarkeria matxistari, beraz, datorren lekutik datorrela egin behar zaio aurre.

Indarkeria Matxistaren Aurkako Eguna ziztu bizian pasatu bada ere, egunerokoan borrokatu behar den ideia, pentsamendu eta ekintza multzoa da hau, gizartean bizi-bizirik dagoen fenomeno bat. Horregatik, faxismoaren gorakadaren, eta ondorioz, ideia matxisten gorakadaren aurrean, inoiz baino beharrezkoagoa da emakume langileok elkar hartu eta matxismoaren kontrako kontzientziazio lana egitea nahiz egunerokoan bizirik dauden ideia erreakzionario horiei aurre egitea.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide