Puntuka

Fokua non jartzen den

Erabiltzailearen aurpegia Eider Agirre 2025ko urr. 30a, 09:21

Falangeak urriaren 12an Gasteizen egindako mobilizazioa. (Sare Antifaxista)

Eider Agirrek gaurko Guka egunkariaren Puntuka atalerako idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Ez dakienarentzat: Hispanitatearen Egunean, urriaren 12an, Falange Espainolak Jaurlaritzaren baimenpean kontzentrazioa egin zuen Gasteizen –Falangeak, bai: 40 urteko frankismoa zuzenean gauzatu zuenak eta milaka hildako bizkarrean daramatzanak, kaleetan Cara al sol kantatzen eta agur naziak egiten ari denak–. Horregatik, aho betean faxista autoizendatzen diren horiei aurre egitera irten ziren hainbat eta hainbat antifaxista egun hartan. Eta ertzainak eta falangistak, eskuz esku, gazteria antifaxistaren aurka oldartu ziren, batzuek borrak eta foam jaurtigaiak, eta, besteek, bateak eta metalezko barrak eskuetan zituztela. Bukaera? Hemeretzi antifaxista atxilotuta eta hamarnaka jipoituta. 

Egoeraren aurrean, beraz, zein da agintari politikoek, eta bereziki EAJk, zeukaten ardura? Seinala zezaketen falangistek Euskal Herriko historia nazional zein sozialean izan duten orban beltza, eta horrelako kontzentraziorik errepika ez zedila bermatu. Baina ez; nahiago izan dute fokua beste leku batean jarri: falangistak eta horiei aurka egitera atera ziren antifaxistak maila berean jarriz, elkarbizitzaren izenean.

Beharbada, EAJri ahaztu egin zaio faxismoak askatasun politikoak ezabatzen dituela, euskararen desagerpen guztizkoa nahi duela, etorkinak jipoitzen eta jazartzen dituela. Baina ez nuke esango EAJk memoriarik ez duenik, irakurketa honek mugimendu politiko batzuk jopuntuan jartzetik eta kalkulu elektoraletik gehiago dauka.

Denak balio du elkarbizitzaren eta segurtasunaren izenean. Zupiriak ETBn zioen euskal faxistak espainiar faxisten kontra eta Ertzaintzaren kontra aritu zirela egun hartan, Maider Etxebarria Gasteizko alkateak falangisten alde borrokan aritu zen poliziari eskerrak eman zizkion eta EH Bilduk faxismoa geldiarazi dezagun protestak ondoko kalean egiteko eskatu zuen.

Garbi dagoena da guztiek desartikulatu nahi dutela mundu mailan nahiz Euskal Herrian bertan gorakorra den faxismo berriari galga jarri nahi dion gazteria iraultzailea eta bakoitzak dauzkan baliabide guztiak jartzen dituela horretarako: ikusi besterik ez dago azken hiru asteetako prentsa lerroak nortzuek bete dituzten.

Bitartean, faxismoari aurre egiteko mota guztietako errezetak jartzen dituzte mahai gainean, baina errealitatea da geroz eta zabalagoa, eta ondorioz, arriskutsuagoa den mugimendu sozial eta politikoa gorantza doala. Funtzionatzen al du diozuenak? Ari al zarete faxismoa geldiarazten? Faxismoa gerra da: euskararen aurkako gerra, etorkinen aurkakoa, aniztasun sexualaren aurkakoa, pobreen aurkakoa... Eta faxistak baldin badaude, gerra egon badago, hartara ohitzen bagara ere.

Argi dago faxistek konfrontazioa bilatzen dutela propaganda egiteko, baina zer gertatzen da beste aldera begiratzen badugu? Legitimoa da faxistek kalean mezu eta propaganda faxista zabaltzea? Zer gertatuko da mezu horiek zabaltzen uzten bazaie? Normalizatu egin behar al dira beraien gorroto mezuak?

Dirudienez, batzuek bigarren mailako arazotzat daukate faxistak gure herrietan mobilizatzea; garbi geratu zen hori Vox alderdi faxista Azpeitira bertara etorri zenean ere; hobe omen da bakean uztea, probokazioetan ez erortzea. Gure herriko kale nagusian faxistak beren mezuak zabaltzen, hori omen XXI. mendeko elkarbizitza eta segurtasuna. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide