Urriaren 7 hark markatu zuen inflexio puntuagatik edo gatazka bera zeharkatzen ari den muga dimentsio humano eta moralengatik, baina Palestinako lurretan ematen ari den masakrea prentsetako lerroburuak betetzen ari da azken asteotan. Prentsak gaiari eman dion garrantzi berbera edo handiagoa ematen ari dira politikari profesionalak ere beren real politikari fidel; Espainiako Estatuko presidenteak berak hasi zuen Palestinako Estatuaren aitorpena lehenik, eta gerora, Europako beste zenbait herrialdetakoak ere etorri dira, halako aurpegi humanista bat erakutsi nahian edo. Pentsa genezake mundua irudi deshumanizatuek zertxobait bigun dezaketela. Trump berak ere "bake plan" bat abiarazi du epaile jainkotiarra bailitzan, eta segidan hurbildu zaizkio bere ingurura Mendebaldeko hainbat agintari politiko, bi estatuen elkarbizitza aldarrikatuz.
Dena den, alde egote horretan ere aukera zabala egon ohi da askotan. Eta alde egote hori ere hainbat modutan ikusten da praktikan. Egon gaitezke Palestinaren alde Mendebaldeko prentsak telebistan jartzen dizkigun haurrek errukia eman diezaguketelako, ikuspegi humanista batetik. Egon gaitezke Trumpen bake planaren alde, nahiz eta horrek palestinarren herri borondatea Netanyahuren eskuetan utziko duen, inperialismo modernoaren adiera perfektua. Eta egon gaitezke Palestinaren alde inperialismoak bere aurpegirik ankerrena erakutsi duelako enegarren herri zapaldu batean interes kapitalistei jarraiki. Badago aldea.
Ez dakit intuizio hutsa den, baina badago mesfidantza eragiten didan zerbait Mendebaldeko estatu kapitalisten posizioetan, ustez, hain direnean irmoak genozidio honen aurrean. Litekeena da, Israelgo Estatuak palestinar lurretan egin dituenak ezin justifikatuta, biztanleriaren aurrean aurpegia zuritzeko politikariak genozidio hau kondenatzera iritsi behar izatea. Izan ere, ez dezagun ahaztu Europako Batasunaren esku armatuarentzat Israelek ezinbesteko interesak bermatzen dituela Ekialde Hurbilean. Kontuak kontu, jaten ematen dien eskuari hozkarik ez diote egingo politikari horiek guztiek. Haizeak eramaten dituen aitortza hutsalek ezer gutxirako balio dute negozioak egiten bazabiltza eta horri ez badiozu ukorik egingo.
Ezker nahiz eskubiko politikariek palestinar erresistentziaren biolentzia erabili dute aitzakia gisa hainbeste kostatu zaien babesa adierazteko ere: Hamas eta erresistentzia bera kriminalizatuz, eta horrela, Israelen "zenbait erantzun" justifikatuz. Urriaren 7ak zentzu horretan hartzen du garrantzia askorentzat, Hamasek egindako erasoa abiapuntu hartuta. Amerikako Estatu Batuek, Israelek, NATOk eta, orokorrean, inperialismoak aurrera eramandako genozidioez hitz egitea gehiago kostatzen zaiela dirudi. Genozidioaren sorburua bera ere ezin da data horretan jarri, eta historian atzera egiten badugu, laster konturatuko gara nola Israelgo Estatua Mendebaldeko potentzia kapitalisten estatu titere gisa sortu zen 1948an; are gehiago, sionismoak bultzatutako garbiketa etnikoa urte batzuk lehenago hasi zen. Gaur egun oraindik Palestina existitzen bada, hamarkada luzez erresistentziak fronte ezberdinetan duintasunez erantzun duelako izan da; besteak beste, armak eskuan. Beraz, herri palestinarraren biolentzia justifikaezina dela diotenek esplika diezagutela nola demontre babestu Palestina inperialismotik eta estatu sionista basatitik.
Hemen ez da bi estaturen arteko elkarbizitza posiblerik, ez da poesia edo narrazio epikorik. Palestinar herriak biziraungo badu, hori Israelen suntsipenaren bidetik etorri behar da nahitaez, estatu horrek dituen eginbehar historikoak eta bere izaera espantsionista deuseztatuta.
Hamarkadetan beren etxeetatik ihesi, exiliatuta, hildakoak bizkarrean hartuta, genozidio baten itzalean, baina aldi berean, aurpegia emanez borrokatu duten horiei guztiei lezio gutxi dauzkagu emateko. Askatasunaren alde kokatzen den pertsona orok humanismo faltsutik irten eta gertatzen denaren kontzientzia zabaltzeko pausoa eman beharko luke, benetako erantzuleak seinalatuz aho bizarrik gabe: kolonialismoaren aurka eta erresistentziaren alde, NATOren interes inperialisten aurka eta Israel desegitearen alde.