Gazteagoak ginela hasi ginen irakurtzen Rosa Luxemburg edota Aleksandra Kollontai, marxismoaren eta langile mugimenduaren historian letra handiz idatzita geratu diren bi izen, beste hainbaten artean. Horiek langile mugimenduaren norabideaz, produkzio baliabideen kontrolaz edota komunismoaz ziharduten. Eta garbi dago, gaur-gaurkoz, hitz handiak direla, egungo testuingurutik oso urrun geratzen zaizkigula tesi haiek. Garai hartan langile mugimenduak oso beste era bateko indarra baitzeukan, gai baitzen aldaketa sakonak eragiteko gizartean.
Grebek ere, testuinguru historiko hartan dute jatorria. Izan ere, langile mugimenduaren indar kualitatiboa erakusteko tresna aparta ziren. Langileek lanuztea egitearekin batera, enpresen ekoizpena gelditzen zen, eta ziklo kapitalistak tupust egiten zuen momentu horietan. Metafora izan zitekeen, baina errealitatea horixe zen, horrek erakusten zuen langileriak zeukan potentzial iraultzailea.
Gaur egungoa, ordea, oso bestelako testuingurua da. Langile mugimendua bera, mapatik ezabatuta, antolakuntzarako gaitasunik gabe dago kasi. Eta azken boladan grebak deitu izan badira ere, jatorrizko zentzua galdua daukate aspalditik. Gaurko grebek gehiago dute sinbolikotik, gehiago ideologiatik.
Hori bada egungo egoeraren sintoma bat, ez baitira langile mugimenduaren garairik onenak; ez soilik ez garelako gai ekoizpena geratzeko, grebarik egin ezinda hainbat eta hainbat emakume langile geratuko direlako baizik: paperik gabe lanean dabiltzanak, greba eskubidea urratzen zaienak edo beste hainbat.
Hala ere, sozialiston lana da errealitatearen analisi zehatza egitea eta langileriaren antolakuntza independenterako tresnak garatzea; horretan gabiltza azaroaren 30era begira. Greba orokor feministan, emakume sozialistok emakume langilearentzako tresna politikoak mahai gainean jarri eta dauzkagun erronkei heldu nahi diegu. Greba komiteak egiten ari gara azken aste hauetan, eta 30era begira ere eskualde nahiz maila nazionaleko hainbat ekitaldi antolatuko ditugu emakume sozialiston iritzia ere lehen lerroan egon dadin.