Espainiako Gorteetarako bozak (2026)

EAJk arrantza sektorearen etorkizuna bermatzea eta kostaldean erabakitzeko "ahalmen handiagoa" izatea aldarrikatu du

Julene Sorarrain

Eneko Goia EAJren Espainiako Kongresurako Gipuzkoako hautagaiak arrantza sektorearen etorkizuna bermatzeko neurriak eta Kostaldeen Legearen aldaketa aldarrikatu ditu, arratsaldean Getarian egindako agerraldian. Halaber, euskal erakundeek kostaldeari lotutako erabakietan "eskumen handiagoa izatea" eskatu dute jeltzaleek.

Goizean Azkoitian geldialdia egin ostean, Eneko Goia EAJren Espainiako Kongresurako Gipuzkoako bigarren hautagaiak "euskal arrantza sektorearen etorkizuna bermatzeko eta euskal flotari zein kostaldeari eragiten dieten erabakietan ahots handiagoa izateko beharra" aldarrikatu du, arratsaldean Getarian egindako agerraldian. Ekitaldian, Iosu Mugika Getariako EAJren bozeramailea izan du alboan. Bertan izan dira, halaber, Jon Ander Azpiroz eta Xabier Txurruka, Aiako eta Zarauzko alkateak, eta Leandro Azkue, Orioko EAJko ordezkaria.

Agerraldia Katrapona plazan egin dute, Getariako portua atzean zutela, eta kostaldea eta lehen sektorea izan dituzte hizpide, bereziki arrantza. Goiak nabarmendu duenez, "Gipuzkoako kostaldean arrantza jarduera handia dago, eta EAJk arrantzaren aldeko apustua egiten du, etorkizunean ere bizirik mantendu nahi dugulako. Sektorean erreleboa nahi dugu, jakitun izan arren gazte askok ez dutela horretarako interesik".

Horretarako, talde jeltzaleak beharrezkotzat jo du, besteak beste, arrantza flota berritzea, berrikuntza sustatzea eta sektoreari laguntzak ematea, "ingurumen eskakizun berrietara egokitzeko, lehiakortasuna eta lanpostuak arriskuan jarri gabe". EAJk proposatzen dituen neurrien artean, besteak beste, arrantzako produktuen BEZa murriztea dago. "Sektorearen berrikuntza bultzatzeko, laguntza eta babesa eskaini nahi ditugu", azaldu du Goiak.

Halaber, jeltzaleek azpimarratu dute ezinbestekoa dela sektoreak Madrilen eta Bruselan ordezkaritza izatea, hiri horietan negoziatzen baitira arrantza kuotak. "Argi eta garbi esan beharra dago: leku horietan egon den alderdia EAJ izan da. Arrantzaleek gai horiei buruz gurekin bakarrik hitz egiten dute, badakitelako EAJ dela erantzunak ematen dituen alderdia", adierazi du hautagaiak.

Bestalde, EAJk Kostaldeen Legea aldatzea proposatu du, Goiaren hitzetan, "erabat zaharkituta dagoelako eta Kantauri itsasoarekin zerikusirik ez duen errealitate bat kontuan hartuta egin zelako". Haren ustez, legeak arazoak baino ez ditu sortzen, eta hori kostaldeko udalerrietako alkatetzetan ardura izan dutenek "gertutik ezagutu" dutela adierazi du. Azkenik, jeltzaleek aldarrikatu dute Kostaldeen Legea aldatzeaz gain, euskal erakundeek "erabakitzeko ahalmen handiagoa" izan behar dutela kostaldeari lotutako gai guztietan.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide