Espainiako Gorteetarako bozak (2026)

"Pentsio duinak bermatu" eta erretirodunen "erosahalmena babestu" behar dira EAJren arabera

Andoni Elduaien

Espainiako Gorteetarako Gipuzkoako zerrendako hautagaiak Azkoitian izan dira goizean. Eneko Goiak eta Luke Uribe-Etxeberriak parte hartu dute goizean "pentsio duinak" aldarrikatzeko jeltzaleek egin duten hauteskunde kanpainako ekitaldian. "Pentsio duinak bermatu" eta pentsioekiko "murrizketak ezabatu" egin behar direla adierazi dute jeltzaleek.

EAJk Espainiako Gorteetako hauteskundeetarako proposatu dituen hautagaien zerrendako zenbait kide Azkoitian izan dira gaur, asteartea. Alderdi jeltzaleak eliz atarian egin du goizean hauteskunde kanpainako agerraldia, eta Eneko Goia Espainiako Kongresurako Gipuzkoako bigarren hautagaia eta Luke Uribe-Etxeberria Espainiako Senaturako Gipuzkoako zerrendaburua izan dira herrian. Haiekin batera, zerrenda osatuko duten Xabier Txurrukak, Joseba Andoni Agirretxeak, Ivan Iriondok, Iker Lakak eta Eli Huegunek ere parte hartu dute agerraldian. Hautagai horiek guztiekin batera, agerraldian parte hartu dute Ana Azkoitia alkateak, eta Sonia Vazquez, Marijose Arregi, Mertxe Zubillaga zein Imanol Arrizabalaga zinegotziek. 

Urola Kostako zenbait herri igaroko dituzte gaur jeltzaleek, eta Azkoitian egin duten geldialdian pentsioak izan dituzte hizpide. Goiak nabarmendu du alderdi Jeltzaleak "pentsio duinen alde" apustu egiten duela: "Bizitza guztian lanean egon ondoren, erretiroa lortzen duten pertsonek pentsio duin bat eskuratzeko eskubidea daukate, eta hori bermatu egin behar da", adierazi du hark.

Duela urtebetera arte Donostiako alkatea izan den hautagaiak adierazi du, gainera, EAJk aldarrikapen "horren alde" egin duela azken urteetan: "2018an, pentsioak %0,25aren gainetik, Kontsumoko Prezioen Indizearen [KPI] arabera, igotzera behartu genuen aurreko gobernua, hain zuzen ere, jubilatuta dauden pertsonek erosahalmena gal ez zezaten. Hori EAJren apustuari esker lortu zen. Beraz, garbi dago Eusko Alderdi Jeltzaleak egiten duen apustua zein den". Goiak nabarmendu du apustu hori "mantendu" egingo dutela etorkizunean ere. 

Dena den, proposamen berri batzuk ere egin nahi dituzte jeltzaleek azaroaren 29ko hauteskundeei begira. Murrizketekin akabatzea exijitu dute jeltzaleek. "Ez zaigu justua iruditzen 40 urteko kotizazioa bete dutenei murrizketak aplikatzea. Murrizketa horiek ezabatu egin behar dira. Gainera, berdintasunaren alde eta arrakala gainditzeko asmoz, lan jardunaldietan erredukzioak izan dituzten pertsonei pentsioak ez jaistea aldarrikatzen dugu, erosahalmena manten dezaten".

Gizarte Segurantzaren konpetentzia Espainiako Gobernuak Eusko Jaurlaritzari eskualdatzea ere aldarrikatu du Goiak. Arlo horren kudeaketa "Euskadira eskualdatzea" nahi dute jeltzaleek. "Hemen kudeatzen dena hobeto kudeatzen da. Aldarrikatzen ari garen guztia hori guztia bermatuta egongo litzateke hemen", gaineratu du Goiak. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide