The World's 50 Best Restaurants zerrendak munduko jatetxerik onenak izendatzen ditu urtero lista horretan, eta Getariako Elkano jatetxea 33. postuan agertzen da aurten. Hain justu, Elkano 2019tik urtero agertu da zerrenda horretan, eta bere posturik hoberena 16.a izan da: 2021ean, 2022an eta 2024an lortu zuen postu hori. Aitor Arregi Elkanoko sukaldariaren iritziz, "gure kultura eta gure izaera mundu mailan partekatzeko aukera ematen" dute horrelako sariek.
Nola sentitu zinen Elkano jatetxea munduko 33. onena izendatu zutela jakitean?
Guretzako opari izugarria da Getaria bezalako herri bateko gastronomia mundu osoko pertsonekin partekatzea. Azken finean, gure jatetxea zerrendako zein zenbakitan dagoen da gutxienekoa. Albistea argitaratu aurretik, bagenekien munduko 50 jatetxe onenen artean ginela. Hala ere, ez zaigu garantzitsua iruditzen zein postutan geratu garen, guk normaltasunez jarraitzen dugu lanean horrelako albisteak jaso ala ez.
Zer esan nahi du Getaria bezalako herri batentzat Elkanok horrelako izendapenak jasotzea?
Nire iritziz, gure kultura eta gure izaera mundu mailan partekatzeko aukera ematen digute horrelako sariek. Gure hizkuntza, gure arrainak eta gure lan egiteko modua mundu osoan zehar zabatzeko modu bikaina iruditzen zait. Elkano inguratzen duen guztia kultura dela kontsideratzen dugu, eta herritik, Getariatik, kultura hori zabaltzea oso aberasgarria dela iruditzen zait. Horrela, herritarrek gozatzeaz gain, guztiek goza dezakete gure sukaldeaz.
Hainbat urtez agertu da Elkano munduko 50 jatetxe onenen zerrendan. Zein da hor mantentzeko gakoa?
2019tik, urtero agertu da gure izena zerrenda horretan, eta guk ere ez dakigu oraindik zein den gakoa. Dakiguna da gure etxea, gure produktua eta gure herria ongi ezagutzen ditugula; hortik haratago, zerrenda hauetan agertzeko arrazoiak ez dakizkigu zeintzuk diren. Lehen aldiz agertu ginenean, harrituta geratu ginen, eta ordutik, oso eskertuta gaude zerrenda hauetan gure izena ikusten dugunean. Hala ere, zerrendetan egongo ez bagina ere modu berean lan egiten jarraituko genuke.
Pertsonalki zein profesionalki, zer esan nahi du zuentzat horrelako zerrendetan agertzeak?
Garbi daukagu gure etxea zaintzea dugula helburu nagusia. Guretzat, etxea ez da jatetxea bakarrik; herria, parrillak, arrantzaleak eta inguratzen gaituzten beste hamaika kontu ere badira Elkano osatzen duten elementuak, eta horiek zaintzen jarraitu nahi dugu. Hortik aurrera, zerrenda hauetan egotea ez da inoiz izan helburu nagusi bat guretzat. Eskertzen dugu gure lana baloratzen dutenean, eta horrelako onespenak etortzen direnean, ongi etorriak dira beti. Hala ere, zerrenda hauetako izendapenik izango ez bagenu ere, guk modu berean jarraituko genuke lanean, beti gure inguruko produktuak eta langileak zainduz.