Abenduaren 12an izango da helduentzako bigarren dantzaldia

Intza Trula

Herritarrak pasa den igandeko dantzaldian, Getariako Berdura Plazan. (Usua Garin)

Pasa den igandeko lehen saioak izandako arrakasta ikusita, Getariako Udalak bigarren dantzaldi bat antolatzea erabaki du. Berdura Plazara gerturatzen direnek tangoen, pasodobleen, cumbiaren eta beste hainbat estiloren erritmoan dantzatu ahal izango dute.

Estreinakoz, helduentzako dantzaldia antolatu zuen Getariako Udalak pasa den igandean. Erakundeak jakitera eman duenez, harrera ona izan zuen saioak, eta, ondorioz, bigarren hitzordu bat antolatzea erabaki du: abenduaren 12an izango da, 18:00etan.

Berdura Plazan egindako dantzaldiak "giro ederra" sortu zuela gogoratu du udalak, eta bertaratutakoek, besteak beste, tangoen, pasodobleen, cumbien eta bestelako doinuen erritmoan dantza egiteko aukera izan zutela. Bigarren hitzorduarekin herritarrei "elkartzeko, aisialdiaz gozatzeko eta dantzan aritzeko aukera" eskaintzen jarraitzea da udalaren nahia. Izan ere, ekimenaren bidez, udalak "adinekoen aisialdia sustatu eta herritarren arteko harremanak eta topaguneak indartu" nahi ditu.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide