Itsasoan "askatasunaren alde" borrokatu ziren getariarrak oroitu ditu EAJk eta plaka bat jarri du haien omenez

Maddi Txintxurreta

1936ko gerran Euskal Herriaren "askatasunaren alde" borrokatu ziren Getariako 55 marinelen historia "etxe barruetatik kalera" ateratzeko ekitaldia egin du EAJk, eta plaka bat ipini du moilan haien omenez. 

1936ko gerraren urte gogorretan Jose Antonio Agirre lehendakariak sustatutako Euzkadiko Gudontzian borrokatu ziren Getariako 55 marinelen memoria herriko moilan finkatuta dago gaurtik. Itsas armadan parte hartu zuten herritarrak oroitzeko ekitaldia egin du gaur, larunbata, Getariako EAJk, eta plaka bat ipini du moilan haien omenez.

Dozenaka herritarrez gain, Urola Kostako EAJren zenbait ordezkari izan dira ekitaldian, besteak beste, Aitor Txurruka Zarauzko alkatea, Jon Ander Azpiroz Aiako alkatea eta Garikoitz Mujika Zestoako zinegotzia, baita beste erakunde batzuetako alderdiko ordezkariak ere, hala nola Maria Eugenia Arrizabalaga Gipuzkoako batzarkidea.

Gaur eguerdiko ekitaldiak marinel horien historiaren inguruan dagoen "isiltasuna apurtzeko" helburua zuen; izan ere, zenbait kasutan, itsasgizon horiek egindakoa belaunaldiz-belaunaldi transmititu da, edo argazkien eta dokumentuen bitartez, baina ilunpean gelditu dira istorio horietako asko, Aitor Urresti Getariako EAJko zinegotziak nabarmendu duenez.

Isiltasuna apurtzeko asmoz, batetik, Euzkadiko Gudontzian borrokatu ziren Getariako 55 marinelen izen-abizenak banan-banan irakurri ditu Urrestik, eta bestetik, aurrerantzean horien guztien oroimena herrian finkatuta utziko duen plaka ipini dute moilan, ondoko grabatuarekin: "Itsasoan ere askatasunaren alde".

Getariako zinegotziak azpimarratu duenez, "Euskadiren askatasunaren alde" borroka egin zuten itsasgizon horiek guztiak "Getariaren historiaren eta getariarren memoriaren" parte dira, eta baieztatu duenez, moilan jarritako plakak etorkizunean ere horrela izan daitezen bermatuko du. "Memoria etxe barruetatik kanpora atera dugu, Getariako moilara", ospatu du Urrestik.

Zinegotziaren hitzartzearen ostean, moilan bildu diren herritarrek loreak itsasora jaurti dituzte, hain zuzen, Getariako 55 marinelen omenez. Ondorengoak dira haien guztien izen-abizenak: Meltxor Albizu Indo, Casimiro Alkorta Isasti, Jose Maria Aranguren Iñarra, Manuel Aranguren Iñarra, Jose Maria Aranguren Ondarra, Anselmo Arregi Uzin, Urbano Arregi Uzin, Juan Azkue Ibarbia, Jose Domingo Azkue Uzin, Luciano Azkue Uzin, Pedro Azkue Uzin, Antonio Azpeitia Ibarbia, Marcelino Basterretxea Larrañaga, Antonio Jesus Basurto Furundarena, Bonifacio Berasaluce, Gregorio Berasaluze Egaña, Isidro Berasaluze Egaña, Juan Burgaña Etxebarria, Enrique Darkistade Garai, Enrique Darpon Mitxelena, Emilio De la Hoz Kintana, Eugenio Pedro De la Hoz Kintana (Periko), Jose Manuel Errazkin Aizpuru, Luis Esnal Agote, Agustin Furundarena Agirrebengoa, Eusebio Garmendia Lazkano, Jose Ibarbia Subiñas, Jose Miguel Iñarra Esnal, Francisco Iribar Zulaika, Silvestre Iribar Zulaika, Antonio Ituarte Etxebarria, Jose Ituarte Etxebarria, Atanasio Kamio Uzin, Francisco Kamio Uzin, Tomas Kamio Uzin, Gerardo Kerejeta Agote, Nikasio Kerejeta Agote, Ignacio Maria Larrañaga Azpeitia, Jose Larrañaga Azpeitia, Julian Lekube Burgaña, Ignacio Lekube Goenaga, Pedro Lete Correa, Enrique Manterola Agote, Manuel Mendizabal Alberdi, Jose Agustin Olaskoaga Zubimendi, Jose Maria Olaskoaga Zubimendi, Victoriano Sustaeta Azkarraga, Andres Sustaeta Urkidi, Jose Domingo Uranga Olaskoaga, Bienvenido Urkidi Arrieta, Jose Urresti Andonegi, Jose Domingo Uzin Alkorta, Prudencio Uzin Alkorta, Jose Domingo Uzin Berasaluze eta Salvador Uzin Berasaluze.

Erlazionatuak

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide