Getaria itsasoari lotutako herria da. Belaunaldiz belaunaldi, itsasoa izan da bertako gizon askoren bizimodua, baina baita mundua, komunitatea eta beren herria ulertzeko modu bat ere. 1936an Gerra Zibila piztu zenean, itsasgizon haietako askoren bizitza eta haien familien etorkizuna betiko markatuko zituen gatazka hasi zen.
Euskadiko itsas defentsan parte hartu zutenen artean, euskal abertzaletasunari eta itsasoari lotutako familia ugari izan ziren. Haientzat, borroka hura euskal aberriaren aldeko konpromisoaren adierazpena izan zen: Euskadiren askatasuna, nortasuna eta burujabetza defendatzeko borroka. Euzko Alderdi Jeltzaleak eta ELA-STVk (garai hartan, ELA-STVk EAJrekin lotura zuzena zuen) presentzia nabarmena izan zuten Euskadiko Itsas Gudarostean. Denak nazionalistak, orduan esaten zen bezala.
Getariako itsasgizonak ere historia horren parte izan ziren. Gure itsasoaren gogortasunera ohitutako gizonek, hala ere, eramankizun haundiz eta etxera itzuliko ote ziren jakin ezinik bizi behar izan zuten. Urte latz haietan Euskadiren defentsan jardun zuten, hain beharrezkoak ziren hornikuntzarako ontziak babesten eta bestelako itsas-lanetan.
Batzuek bizia eman zuten. Bienvenido Urkidi Arrieta, Isidro Berasaluze Egaña, José Antonio Olascoaga Zubimendi eta Miguel Iñarra Esnalek getariarren oroimenean bizirik mantentzea merezi dute. Gerrak haien bizitzak eten zituen, herriko portutik eta eguneroko bizimodutik urrun zebiltzala.
Baina tragedia ez zen itsasoan amaitu. Gerra galdu izanak eta ondorengo frankismoak jazarpenaren eta errepresioaren garaia ekarri zuten, Getariako familien eta gizarte-bizitzaren hondamendia ekarriz: mendekuek eta indarkeriak herritarren bizitzan sufrimenduzko arrasto sakona utzi zuen.
Itsasgizon horiek eta haien familiek gogoratzea getariarren gehiengoarekin partekatutako konpromiso politiko eta nazionala aitortzea da. Izen bakoitzaren atzean familia bat, guztiak getaiarrak eta abertzaleak Euskadirekin bat egin da.
Gaur, portuari begiratzen diogunean eta arrantzara ateratzen diren ontziak ikusten ditugunean, gure historian leku berezia gorde behar diegu sakrifizioz eta oinazez beteriko garai hura bizi izan zuten guztiei. Gure historia hobeto ezagutzeko eta oroimenaren duintasuna gordetzeko.
Getariako itsasgizonei, Aberriaren askatasunarekin konpromisoari eutsi ziotenei eta gerraren zein errepresioaren ondorioak pairatu zituzten getariar gizon eta emakume guztiei EAJ-PNVren izenan Agur eta Ohore beti-betirako. Haien oroimenak bizirik jarrai dezala Getariaren eta Euskadiren historian.