Aintzane Ezenarro (Getaria, 1971) izango da Gipuzkoako Foru Aldundiko Giza Eskubideen eta Kultura Demokratikoaren zuzendari nagusia. Aldundiko Gobernu Batzordeak bihar onartuko du izendapena, eta, modu horretara, Ion Gambrak uztailean utzi zuen kargua hartuko du getariarrak.
Ezenarro Kazetaritzan eta Zientzia Politikoetan lizentziatua da Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU), baina politikagintzan ibilbide luzea egina du. Zinegotzi izan zen Getarian, Legebiltzarrean Aralar ordezkatu zuen –2005etik 2012ra–, eta Gipuzkoako batzarkide ere izan zen.
Urteak igarota, EAJk gidatutako Eusko Jaurlaritzako barne karguetara egin zuen jauzi: aurrena Biktimen Arretarako aholkularia izan zen, eta gero, 2015ean, Gogora memoriaren, bizikidetzaren eta giza eskubideen institutuko zuzendari izendatu zuten. 2024ra arte aritu zen kargu horretan, harik eta Eusko Jaurlaritzako memoria historikoaren arloa PSE-EEren esku geratu zen arte. Geroztik, Alberto Alonso da Gogorako zuzendaria. Honako lotura honetan irakur daiteke Gogorako zuzendari zela Gukak Ezenarrori egindako elkarrizketa.
Iazko irailean komunikazioaren alorrera egin zuen Ezenarrok, eta memoria historikoari lotutako edukien arduradun aritu zen EITBn. Orain, berriz, politikagintzara itzuliko da Getariarra.