EITBko memoriari lotutako edukien arduradun izendatu dute Aintzane Ezenarro

Julene Frantzesena 2025ko ira. 10a, 16:20

Aintzane Ezenarro.

EITBko zuzendaritzak atzo eman zuen getariarraren kontratazioaren berri Administrazio Kontseiluaren bileran. Ezenarro Kazetaritzan eta Zientzia Politikoetan lizentziatua da EHUn. Politikagintzan aritua da, Aralarrekin, eta gero, EAJk gidatutako Eusko Jaurlaritzako karguetan aritu da: Biktimen Arretarako aholkularia izan zen, baita Gogora memoriaren institutuko zuzendari ere.

Aintzane Ezenarro (Getaria, 1971) memoria historikoari lotutako edukien arduradun edo arloburu izendatu du EITBk, hainbat hedabidek jakinarazi dutenez. EITBko zuzendaritzak atzo eman zuen Ezenarroren kontratazioaren berri Administrazio Kontseiluaren bileran, eta getariarrak Iñigo Caminoren tokia beteko du.

Ezenarro Kazetaritzan eta Zientzia Politikoetan lizentziatua da EHUn. Halaber, giza eskubideen inguruko master bat egina du, baita irakaskuntzarako masterra ere. El Mundo egunkarian lana egina da, baita ekoiztetxe batean ere, eta gerora, Elkarriren aldizkarian ere jardun zuen beharrean.

Politikagintzako bidea Aralarren egin zuen lehenik; Getariako Udalean zinegotzi izan zen –2003an hasita–, eta Gipuzkoako batzarkide ere bai, baita eusko legebiltzarkide ere –2005etik 2012ra–. Urteak igarota, EAJk gidatutako Eusko Jaurlaritzako barne karguetara egin zuen jauzi: aurrena Biktimen Arretarako aholkularia izan zen, eta gero, 2015ean, Gogora memoriaren, bizikidetzaren eta giza eskubideen instituko zuzendari izendatu zuten. 2024ra arte aritu zen kargu horretan, Eusko Jaurlaritzako memoria historikoaren arloa PSE-EEren esku geratu zelako eta sozialistek Alberto Alonso aukeratu zuelako postu horretarako.

Honako lotura honetan irakur daiteke Gogorako zuzendari zela Gukak Ezenarrori egindako elkarrizketa.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide