Aintzane Ezenarrok ez du jarraituko Gogora institutuko zuzendari karguan

Onintza Lete Arrieta 2024ko uzt. 4a, 11:51

Aintzane Ezenarro getariarra.

Eusko Jaurlaritzak 2015ean sortu zuen Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Gogora Institutua, eta ordutik getariarra izan da haren zuzendaria. Alberto Alonso legebiltzarkide sozialistak hartu dio lekukoa.

Atzo egin zuen bere lehen Gobernu Kontseilua Imanol Pradales lehendakaria buru duen Eusko Jaurlaritza berriak, eta hainbat kargu aldaketaren berri eman zuen bertan –tartean, Ion Muñoa Urrestillako bizilaguna izango dela Gizarte Trantsizioaren eta Agenda 2030aren bulegoko idazkari nagusi berria, Jonan Fernandezen ordez–.

Bada, azken orduetan jakin da Aintzane Ezenarro getariarrak ez duela jarraituko Gogora institutuaren –Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutua– zuzendari karguan. Izan ere, Jaurlaritzak Alberto Alonso legebiltzarkide sozialista oñatiarra izendatu du zuzendari berri.

2015etik karguan

Ezenarro 2015etik izan da Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendaria. Aurrez, Aralar alderdiko legebiltzarkidea izana zen, eta izendapena jaso zuenean Eusko Jaurlaritzako Biktimen Arretarako aholkularia zen.

Bilbon zabaldu zuen egoitza Gogorak, eta azaroaren 10ean, Memoriaren Egunean, inauguratu. Hasiera hartan hiru lan ildo izango zituela azaldu zuten: kudeaketa, ikerketa eta dibulgazioa. Lan esparrutzat 1936ko gerra, frankismoa, ETA ren indarkeria eta legez kanpoko kontraterrorismoa hartu zituen institutuak.

2022an honako elkarrizketa eman zion Ezenarrok Gukari.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide