Iraileko ohiko udalbatzarra egin zuen atzo iluntzean Getariako udalbatzak, eta inguruko herrietan bezala, han ere 2027ko ordenantza fiskalak izan zituzten hizpide. Igoera %3,9koa izatea proposatu zuen udal gobernuak –inguruko kostako herrietan baino altuagoa, besteetan %2,5 eta %2,6 igoko baitira–, eta aho batez onartu zuten erabakia, EH Bilduren aldeko sei botoekin eta EAJren aldeko bost botoekin.
Eneko Miralles Ogasun zinegotziak (EH Bildu) azaldu zuen igoeraren zenbatekoa erabakitzeko urteroko patroia jarraitu dutela, hau da, abuztutik abuztura Kontsumo Prezioaren Indizeak eduki duen igoera.
Datorren urteko ordenantzetako nobedade nagusia egonaldi turistikoen gaineko zerga da, eta Orioko eta Zumaiako udalen bidetik, Getariakoak ere foru Ogasunak aukeran emandako tarifarik altuena aplikatzea erabaki zuen. Hala, bost izarreko hotelean gaua igarotzen duenari eguneko 6,5 euro kobratuko zaizkio –tasa altuena–, eta nekazal etxe batean gaua igarotzen duenari,eguneko 1,25 euro –tasa baxuena–.
Tasa horretatik lortukotako diru sarrerekin, udalak "turismoaren harira aspalditik herriak eta herritarrek pairatzen duten egoerari buelta eman" nahi diola azaldu zuen Mirallesek, "turismoak eskatzen dituen zerbitzu gehigarrien kostuei erantzunez". Sorosleen eta TAO zerbizuak aipatu zituen adibidetzat, baita garbiketa zerbitzua ere.
Iosu Mujika EAJren bozeramaileak esan zuen bere alderdiak batzorde batean egin zizkiola bere proposamenak udal gobernuari, eta bi alderdien artean zenbait desadostasun daudenez, abstenitu egingo zirela jakinarazi zuen. Hala, aldeko sei botorekin onartu zen puntu hori, eta urtarrilaren 1ean sartuko da indarrean.
Potzuagaz ere bai
Udalbatzarreko aurreneko puntua, dena den, beste bat izan zen: Potzuaga-Gainaren Lehentasunezko Jarduketaren Oinarrizko Proiektua onartzea. Lehentasunezko Jarduketa Euskal Autonomia Erkidegoko Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legetik eratorritako figura da, eta horri esker, udala hasiko da proiektua idazten, berez hori Jaurlaritzak egin behar lukeen arren.
Jaurlaritzarekin adostu ondoren etorri zen astearteko bozketa, eta bi alderdiek aho batez onartu zuten izaera berria ematea proiektuari. Helburu argi batekin onartu zuten puntua, Haritz Alberdi alkateak azpimarratu zuenez; "urteetan garatu gabe egon den eremuaren garapena aktibatu eta azkartzea". EAJren bozeramaileak, berriz, nabarmendu zuen "ongietorria" izango dela lege aldaketa.
Potzuaga-Gainak 200 etxebizitza inguru hartuko ditu, eta horien %75 babes publikokoak izango dira.
Atzoko bilkuran beste zenbait gai ere onartu zituzten, denak aho batez: etxez etxeko zerbitzuaren hitzarmena luzatzea; 2027. ekitaldirako taxien tasak; eta udal lanpostuen balorazioa. Mirallesek kontatu zuen LKS enpresarekin eta udal langileekin egin dutela lanketa hori, eta Mujikak esan zuen langileak beraiek balorazio horrekin ados egoteagatik eman dutela baiezkoa.