Gaizka Gorostiagak ordezkatuko du Ion Larrañaga 'Esperantza' traineruan

Intza Trula

Zutik, ezkerrik hasita bosgarrena, Gaizka Gorostiaga Getariako ontziaren etrenatzaile berria. Atzo arratsaldeko harreran. (Maddi Txintxurreta)

Larrañagak entrenatzaile kargua utzi duela jakinarazi du Getariako Arraun Elkarteak, eta Gorostiagak hartuko dio lekukoa datorren denboraldian. Harrobiko arraunlaria da Gorostiaga, eta hamabost urte daramatza elkartean.

Gaizka Gorostiagak zuzenduko du datorren denboraldian Getariako Arraun Elkarteko gizonezkoen trainerua. Gaur bertan jakinarazi du GAEk sare sozialetan Ion Larrañagak kargua utzi duela, eta horrekin batera aurkeztu du entrenatzaile berria.

Arraun elkarteak eskerrak eman nahi izan dizkio Larrañagari, eta gogora ekarri du bere zuzendaritzapean klubak egindako "kirol ibilbide arrakastatsua": "KAE 1 liga eta bertako 11 bandera irabazi ditugu, Eusko Label ligarako igoera lortu dugu, eta kategoria gorenean ere bandera bat eskuratu dugu. Horrez gain, 49 urtean Kontxarako sailkatu ezinik egon ondoren, Ionek bost urtetan jarraian egitea lortu du. Lorpen horiek guztiak gure klubaren historian eta gure zaleen oroimenean geratuko dira".

Emaitzez harago, entrenatzaile ohiaren "lana, profesionaltasuna eta traineruaren alde egindako ahalegina" goraipatu ditu klubak. "Gure eskerrik zintzoena adierazi nahi diogu Larrañagari, erakutsitako konpromisoagatik eta gure proiektuarekiko izan duen dedikazioagatik, gure kolorearen defentsan nahiz giza harremanen arloan erakutsi duen prestutasunarekin batera".

Orain, Gorostiagak hartuko dio lekukoa, kluba ondo ezagutzen duen getariarrak. 32 urte ditu, eta horietatik hamabost daramatza Getariako Arraun Elkartean. 11 urte egin ditu Esperantza traineruan, bi alditan banatuta: 2012-2019 urteetan lehendabizi, eta 2024-2026 urteetan gero. GAEren esanetan, "ibilbide oparoa" duen kirolaria izateaz gain, "kide konprometitua" da.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide