Arraun munduaren giro koloretsuak hartu du gaur goizean Getaria. Euskotren eta Eusko Label ligetako estropadak jokatuko dituzte, herrian, eta herri edo klubetako koloreek, biziak batzuk, apalagoak besteak, hartu dituzte herriko kale eta txokoak. Emaitzei dagokionez, ez da sorpresarik izan, denboraldi osoan faborito nagusiak izan diren bi klubek astindu dituztelako banderak.
Ohi bezala, Euskotren ligako estropadak eman dio hasiera arraun jardunaldiari. Esan bezala, Donostia Arraun Lagunak izan da gaur ere irabazlea. Ez da oraindik asetu donostiarran garaipen gosea, eta Getariako bandera irabazita bueltatu dira hiriburura. Eskualdeko ontziei dagokionez, Oriok gaur ere lan ona egin du, eta hirugarren postuan amaitu du estropada. Horri esker, sailkapen orokorreko hirugarren postua hurre dute Xanti Zabaletak prestatutako emakumeek. Hirugarren den San Juanek hiru puntu ateratzen dizkie oriotarrei, baina Orio aurretik sailkatu da azken bost estropadetan.
Zumaiak, bere aldetik, zortzigarren amaitu du gaur ere, eta maila galtzea suposatzen duen azken postua saihestea ia ezineskoa suertatu zaie. Gaur ere dena eman dute, eta lehen luzean Donostiarraren aurretik joan dira. Baina, egindako ziaboga ez da onena izan, eta hor donostiarrek aurrea hartu diete. Saiatu badira ere, ezin izan dute azken postua ekidin. Liga amaitzeko bi jardunaldiren faltan, zortzi puntu ateratzen dizkio Donostiarrak Zumaiari, eta miraririk ez bada, datorren asteburuan amaituko da saregileen abentura lehen mailan.
Gizonetan Orio izan da beste behin ere irabazlea, eta atzo lortutako hamaikagarren banderari hamabigarrena gehitu dio gaur Getarian. Bere txandan jaun eta jabe izan dira Iker Zabalaren mutilak, eta aurkari nagusia bigarren txandan aritu den Hondarribia izan dute. Hala ere, esan daiteke garaipena ez duela arriskuan inoiz izan Gorka Aranberrik gidatutako eskifaiak.
Getariak nahi zuen etxean garaipena lortu, are eta gehiago kluba sortu zutela 50 urte betetzen direnean, baina gaurkoan ez da posible izan. Eta hori herriko plazatik aldapan behera, moilara arteko bidea egin duen marea marroiaren bultzada izan duela. Hala ere, laugarren postu on bat lortu dute Esperantzako mutilek, eta sailkapen orokorrean Bermeorengandik bi puntutara jarri dira.
Datorren asteburuan Zarautzen jokatuko dituzte estropadak, bi jardunalditara. Euskotren ligaren kasuan, Zarautzen emango dute amaitutzat aurtengo liga, Kontxaren ostean jaitsierako play-offei ekiteko.
(Argazkiak: Arnaitz Rubio Aprea eta Juan Luis Romatet)