Igandean amaitu ziren Getarian Salbatore jaiak, eta handik astebetera, hilaren 16an, beste hitzordu garrantzitsu bat izango dute getariarrek, kasu honetan etxeko uretan, Eusko Label eta Euskotren ligetako jardunaldiak jokatuko baitituzte. Zehazki, III. Getariako Ikurriña-Zarautz Academy Sari Nagusia lortzeko lehiatuko dira nesketan, eta XVII.a izango da mutiletan, non Getariako Ikurriña Ameztoi Txakolina Sari Nagusia eskuratzeko neurtuko dituzten indarrak.
Xabier Goikoetxea Getariako Arraun Elkarteko presidenteak azaldu duenez, "momentu oso onean" heldu da Esperantza etxeko estropadara, baita "ilusioz" ere, estropada denak "garrantzitsuak" diren arren, orain datozenak are gehiago direlako: etxeko bandera, Zarauzko Ikurriña, Kontxako Banderako sailkapen estropada... Oro har, "ikaragarritzat" jo du aurten etxeko trainerua egiten ari den denboraldia, eta irabaztea "oso zaila" izango den arren, beraien lanak "ahalik eta ondoen" egingo dituztela esan du Goikoetxeak: "Aurkari oso onak ditugu, eta horiek gauzak oso gaizki eta guk oso ondo egin beharko genituzke irabazteko. Dena den, saiatuko gara, horretan ez dago zalantzarik". Arraunlarien lana ere goraipatu du, eta gehitu du mailaz igo zirenetik haien bidea "latza" izan dela. Eta zera nabarmendu du: "Mutil hauek lortzen ari direna ez dakit noiz hasiko garen aintzat hartzen". Eusko Label ligako hamabi traineruek 12:20an hasiko dute estropada.
Hori baino lehen, ordea, nesken txanda izango da, 11:25ean, eta bertan lehiatuko dira liderra den Arraun Lagunak nahiz eskualdeko Orio eta Zumaia, besteak beste. Getariakoaz gain, bihar ere izango dituzte kirol hitzorduak Euskotren eta Eusko Label ligetako arraunlariek. Pasai Donibanen izango dira horiek, hurrenez hurren, 17:20an eta 18:15ean hasita.
Getariarrei iganderako deia
Ohiko tradizioari jarraituz, Ekaitz Esteban Getariako kirol zinegotziak herritarrak animatu ditu dikera estropada ikustera joan eta arraunlariak babesteko. Astillero parean jarriko dute zaleen gunea, baina portura iritsi aurretik, udaletxe parera joateko deia egin du Estebanek, handik abiatuko baita urteroko Marea marroia, 11:00etan, dena ondo bidean. Trikitilariekin, pandero-jotzaileekin, bandako kide batzuekin eta txistulariekin joango dira denak batera Altxerri pareraino.