Horma irudi berriak "herriaren nortasuna kolorez berrinterpretatzen" duela iritzi dio Getariako udalak

Juan Luis Romatet 2026ko abuztuaren 12a

Aldamar kaleko horma irudia margotzen, pasa den asteazkenean. (Juan Luis Romatet)

Nexgraff artista pasaitarrak sortu eta margotu du murala. Artelanak "itsasoa, arrantza, portua, moda eta Getariako eguneroko irudiak" uztartzen dituela adierazi du udalak. Kostua 16.494,5 eurokoa izan da.  

Getariako Aldamar kaleari beste aurpegi eta beste kolore batzuk ematen dizkion horma irudia ikusgai da joan zen astetik. Nexgraff izen artistikoa erabiltzen duen Nextor Otaño artista pasaitarrak sortu eta margotu du murala, Getariako Udalak hala eskatuta, Salbatore jaien atarian. Lanek 16.494,5 euroko kostua izan dutela iragarri du udalak. Artelan handia Larrakotarrek eskainitako etxeko fatxadan margotu du pasaitarrak, eta, udalaren arabera, "kalean artea eta kolorea zabaltzeko" apustuaren barruan kokatzen da.

Horma irudiaren abiapuntua "Getariako iruditeri bisuala" izan dela azpimarratu du udalak, hala nola itsasoa, portua, atunontziak, hegaluzea zein arrantza tradizioa, Balenciagaren presentzia eta Katu kalea. Elementu horiek era literalean jaso baino, artistak "irudiak zatitu, errepikatu eta gainjarri" egin dituela ere nabarmendu du erakundeak, "konposizio irekiagoa eta garaikideagoa" sortuz. Figurak, ontziak, kolore eremuak, forma geometrikoak eta katuaren presentzia uztartzen dira horma irudian. Udalaren ustez, "tradizioa eta gaur egungo begirada artistikoa" elkartzen dira muralean, herriko memoria bisuala, itsasoa, arrantza, moda eta irudimena eszena bakarrean bilduz.

Aldamar kaleko murala herriko txokoak kolorez betetzeko egindako apustuaren barruan sartzen dela ere azaldu du udalak. “Getaria bizirik dagoen herria da, eta gure kaleek ere hori islatu behar dute. Arteak espazio publikoari beste dimentsio bat ematen dio, eta gure herriaren elementu ezagunak beste begirada batetik ikusteko aukera eskaintzen digu", adierazi du.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide