Getariako Salbatore jaiak 2026

Salbatore jaien balorazio positiboa egin du Getariako Udalak

Julene Frantzesena 2026ko abuztuaren 11

Hainbat lagun festetako azken eguneko bazkarian. (Mireia Galarza)

Abuztuaren 5etik 9ra bitartean, ekitaldi ugariz gozatzeko aukera izan dute getariarrek, eta ekitaldi jendetsuenen artean Marmitako Txapelketa, Elkanoren Lehorreratzea eta Batel Txapelketa nabarmendu ditu erakundeak. Jaietan "errespetuzko giro ederra" izan dela azpimarratu du udalak.

Bukatu berri diren Salbatore jaien balorazio positiboa egin du Getariako Udalak. Abuztuaren 5etik 9ra bitartean, ekitaldi ugariz gozatzeko aukera izan dute getariarrek, eta ekitaldi jendetsuenen artean, Marmitako Txapelketaz gain, Elkanoren Lehorreratzea nabarmendu du erakundeak; izan ere, milaka lagun elkartu ziren herrian antzezpena ikusteko. Halaber, ekitaldi horretan izandako berrikuntzek jasotako harrera "positiboa" nabarmendu du udalak. 

Aurten, lehen aldiz Getariako Arraun Elkartearen 50. urtemugaren harira egindako Batel Txapelketa ere izan du gogoan udalak, eta gogorarazi du ehun lagunek baino gehiagok parte hartu zutela "ikusmina piztu duen eta harrera ezin hobea izan duen" hitzorduan. Halaber, gastronomia oinarri duten ekintzak ere aipatu ditu balorazio oharrean, horien bueltan ere "giro aparta" sortu delako. Horrez gain, musika ekitaldiek ere giro paregabea sortu dutela esan du erakundeak. 

Baldintza metereologikoak edota arazo teknikoak tarteko, jaietarako iragarritako haurrentzako bi ekintza bertan behera utzi behar izan dituzte. Dena den, udalak esan du horiek abuztuan edo irailean egiten saiatuko dela.

Errespetuzko giroa

Udalak festetan bizitako errespetuzko giro "ederra" nabarmendu du, eta esan du jaiak lasaitasunez eta errespetuz ospatu dituztela, "askatasuna eta berdintasuna oinarri hartuta".

Gainera, eskerrak eman dizkie bai udal langileei, bai herritar boluntarioei, haien lana "ezinbestekoa" dela iritzita. "Horien ahaleginik, profesionaltasunik eta konpromisorik gabe, ezinezkoa litzateke horrelako festa programa parte hartzailea aurrera eramatea. Jarraitu dezagun, guztion artean, berdintasunean, errespetuan, askatasunean eta herritarren parte-hartzean oinarritutako jai eredu euskalduna indartzen", adierazi du.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide