Getariako Salbatore jaiak 2026

Marmitakoarekin sabela gozatu ostean, ikurrinaren jaitsierarekin agurtu dituzte salbatoreak

Mireia Galarza Bastida-Juan Luis Romatet 2026ko abuztuaren 10a

Sabela gozatzeko aukera izan zuten atzo ere getariarrek zein bisitariek, Marmitako Lehiaketarekin. Gau partean, suzko zezenak izan zituzten, eta gauerdian ikurrinaren jaitsiera udaletxeko balkoian, festak amaitzeko.

Amaitu dituzte sagoeneko Salbatore jaiak Getarian. Pasa den asteazkenean hasitako festei atzo gauerdian eman zioten amaiera, udaletxeko balkoian egindako ikurrinaren jaitsierarekin. 

Aurretik, beste behin ere, sabela gozatzeko aukera izan zuten herritarrek zein Getariara hurreratutako bisitariek. Goiz partean Marmitako Lehiaketa egin zuten. 32 bikote aritu ziren atuna eta patatekin prestatutako gisatua egiten, frontoian. Behin epaimahaikideek beraien iritzia eman eta gero, Harritarten egindako herri bazkarian zerbitzatu zuten. 500 bat lagun bertaratu ziren bazkarira, eta arratsaldean eman zituzten lehiaketako sariak: irabazleak, Gorka Lazkano eta Oier Idiakez izan ziren, bigarren Manolo Aranguren eta Mireia Alberdi, eta hirugarren Ander Subijana eta Amaia Alberdi. 

Behin bazkariko mahaiak eta bestelako tresneria jaso eta gero, jaiekin jarraitu zuten. Bazkaria girotu zuen Bentazaharreko Mutiko Alaiak musika taldeak kantu kalejira egin zuen herriko kaleetan zehar, txosnetan mozorro gaua zuten bitartean. Gaua heltzearekin batera, suzko zezenen entzierroa egin zuten Alde Zaharreko kaleetan, eta gauerdia helduta, festak datorren urtera arte agurtu zituzten, ikurrinaren jaitsierarekin. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide