Atsedenik ez dute hartu getariarrek. Atzo egindako Elkanoren lehorreratzearen antzezpenaren ostean, jai gogoarekin jarraitu dute herritarrek, eta goiz partean izan dute aukera bat baino gehiago festen gosea asetzeko.
Goizeko dianaren ondoren, gaztetxoei zuzendutako patata tortilla txapelketa egin dute Harritarten. 14-18 urte bitarteko hamalau bikote aritu dira ahalik eta tortilla onena egiten. Patatak zatitu eta frijitu, arraultzak irabiatu, eta behin nahasketa eginda, sartaiara. Ordubeteko epea izan dute bikoteek tortillak prestatzeko. Jarraian, Berdura plazara eraman dituzte, eta han hiru epaimahaikideen estu utzi dituzte. Itxura eta zaporea baloratu dituzte haiek, besteak beste.
Epaimahaia lanean zen bitartean, frontoian parrillan prestatutako hegaluzea zerbitzatzen hasi dira. Ohi den bezala, atuna dastatu nahii zuen jendeak osatutako ilara luzeak sortu dira, eta eguzkipean egon behar izan dute beraien txanda heldu zain. Sagardo edo artisau eran egindako garagardoa edateko parada ere izan dute.
Metro batzuk haratago, udaletxe aurrean, arratsaldean emango den burruntzian egindako txahala prestatzen aritu dira goizeko lehen orduetatik. 281 kiloko haragi puska handia aritu dira erretzen, sakelakoearekin argazkiak ateratzen zituzten turisten aurrean. Izan da, noski, haragi pusketaren bat eskatu duena ere.
Ordubata helduta ekin diote Goitibeheren III. Jaitsierari. Zazpi kuadrilla animatu dira aurtengoan, eta denek ere Meagarako errepidetik herrigunerako bidea egin dute tramankuluetan igota. Irabazleek, Patxarran izeneko taldeak, 2.05 denboran egin du bidea. Bigarren Kendu paretik izan da, 2.20 denborarekin, hirugarren Xemou (3.02), laugarren Satan (3.11), bosgarren Katrapuna (OTA) eta La vaca que ríe (biek ere 3.18), eta zazpigarren helmugara heltzean gurpil bat galdu duen Tximista (4.52).
Jaiek arratsaldean jarraituko dute honako egitarauarekin:
- 17:00. Batel estropada herrikoia. Getariarren arteko erronka.
- Jarraian, Buztintxuriko erraldoien eta buruhandien konpartsaren eta Getariako buruhandien kalejira, moilatik abiatuta.
- 19:00. Eusko Label txahal haragi pintxoak dastatzeko aukera, plazan.
- 19:30. Goitibeheren erakustaldiko eta Patata Tortilla Txapelketako sari banaketa.
- 20:00. Elektrotxufla.
- 21:00. Gau irekia Cristobal Balentziaga museoan. Erakusketak gauez ikusteko aukera, Isora taldearen zuzeneko musikarekin girotuta.
- 22:30. Kontzertuak: Marte Lasarte eta Merina Gris, frontoian.