Egunak eguzkitsu argitu du Getarian festei jarraipena emateko. Elkanoren Lehorreratzea izango da eguneko hitzordurik garrantzitsuena, 17:00etan hasiko dena, baina herriak mugimendua izan du goizean goizetik. Enbilen Pepitak taldeko pandero jotzaileek kaleak alaitu dituzte 09:30ean hasita, eta frontoian, umeentzako jolasak eta tailerrak jarri dituzte.
Arratsaldeko hitzordurako ere dagoeneko lanean ari dira dozenaka herritar, besteak beste, Kale Nagusian hesiak jartzen edota udaletxeko balkoiak atontzen. Izan ere, arratsaldekoa ez da edonolako hitzordua izango, eta jende andana espero da. Aurten, gainera, Elkano marinela hil zela 500. urte bete dira, eta horrek are esanguratsuagoa bihurtuko du getariarrentzat hain berezia den, eta lau urtetik behin egiten den ekitaldia. Hori amaitutakoan, 20:00etan, Dinbi Danba taldeak batukada eskainiko du, 22:00etan Korrontziren Mundua dantzan ikuskizuna izango da frontoian, eta bukatzeko, DJak izango dira txosnetan: Asti, Disco Dev eta Joseba Remember, zehazki.