Gaurko egunez duela 500 urte zendu zen Joan Sebastian Elkano marinel getariarra, munduari bira eman zion lehenabiziko itsas gizona. Urtemuga borobila oroitzeko, Getariako Elkano kofradiak lore eskaintza egin du itsasoan, solemnitate handiko ekitaldian.
Bozgorailuetatik Vangelis konpositorearen Light and shadow abesti dotorea entzunez, 11:00etan puntuan atera da ontzia moilatik itsasorantz Kofradiako ordezkariekin eta Salbatore Deuna abesbatzako kideekin. Herritar gutxi batzuk ere ontziratu dira, baita EAJren udal ordezkari bat ere.
Ontzia Zabalategi inguruan gelditu da, eta Gora Elkano ereserkia abestuz hasi du saioa abesbatzak. Otoitzerako tartea izan da ondoren, Getariako erretore izandako Juan Mari Olaetxearen eta Urko Urbieta haren laguntzailearen eskutik. Itsasoan bizia emandako getariar guztiak izan dituzte gogoan, bereziki Elkano, eta gogoratu dute "herri baten eta ondare baten eredu" dela hura. Karmengo ama abestia kantatu dute gero, lore eskaintza egin dute. Inguruan bazen ontzi gehiago, tartean baita Guardia Zibilaren bat ere, eta getariarrek lore eskaintza egin dutenean, haiek ontzia gerturatu, eta beren lore eskaintza egin dute. Txaloekin erantzun diete getariarrek.
Portura itzulita, Agur jaunak abestuz amaitu da ekitaldia. Ondoren, lehorrean, mokadua hartu dute denek elkarrekin.