Abuztua hastearekin batera sartuko da Getaria Salbatore jaietan, eta dagoeneko ezagutzera eman dute festa egun horietan herria girotuko duen egitaraua. Abuztuaren 5etik 9ra bitarte ospatuko dituzte salbatoreak; hala ere, festen atarian ere izango da zer gozatua. Aurten mende erdia bete duen herriko Arraun Elkarteak izango du ikurrina igotzeko ardura.
Gaur eguerdian aurkeztu dute festetako egitaraua Haritz Alberdi alkateak eta Ekaitz Esteban Kultura zinegotziak. Jakitera eman dutenez, gaur bertan hasi dira salbatoreetako programa buzoietan banatzen, eta asteburua amaitzerako Getariako etxe guztietan jasoko dute triptikoa. Astelehenetik aurrera, berriz, Turismo Bulegoan eskuratu ahal izango da.
Aurtengo jaietako txupina jaurtitzeaz eta ikurrina goratzeaz nor arduratuko den ere esan dute aurkezpenean: Getariako Arraun Elkarteak izango du horren ardura, aurten 50 urte bete dituenez gero. Abuztuaren 5ean izango da txupinazoa, gauerdian.
Batel estropada aurrenekoz
Aurtengo festetan salbatoreetan ohikoak diren ekitaldiak errepikatuko dira, hala nola, Paella Lehiaketa, 38. Marmitako Lehiaketa, pilota txapelketa, herri bazkaria eta askotariko musika emanaldiak. Iazko arrakasta ikusita, bestalde, haurrentzako izozki tailerra errepikatuko dute aurtengoan ere. Hala ere, 2026ko Salbatore jaietako egitaraua nobedadeekin dator, adin guztietako herritarrek jaiez gozatzeko aukera izan dezaten.
Lehenengo aldiz, eta Arraun Elkartearen 50. urteurrena ospatzeko aitzakian, batel estropada herrikoia egingo dute abuztuaren 8an. Ekaitz Estebanek azaldu duenez, bi kaletan jokatuko dute estropada, joan-etorri bakarra eginda, eta 12 urtetik gorako edozein herritarrek izango du parte hartzeko aukera. Hurrengo egunean, arratsaldez, uretako puzgarriak jarriko dituzte moilan, marmitako txapelketan parte hartzeko aukerarik ez duten adin txikikoek festaz gozatu dezaten. Suzko zezenaren formatua izango da nobedadeen artean azkena: festen azken egunean, ikurrinaren jaitsieraren aurretik, hiru suzko zezen entzierroan abiatuko dira Artzapetik gora.
Horrez gain, hilaren 7ko Elkanoren Lehorreratzea izango da festetako ekitaldi nagusia. Lau urtean behin egiten duten ekimenak garrantzia berezia du aurten, Sebastian Elkano hil zela 500 urte bete baitira. 17:00etan hasiko da lehorreratzea, eta 15:30etik aurrera errepideak itxita egongo dira ibilgailu pribatuentzat. Soilik Getarian bizi direnak sartu ahal izango dute kotxez herrira, Meagako sarreratik, eta errepide nagusitik gora garajea dutenek horietara iristeko aukera izango dute.
Gainontzeko herritarrek Igarategi industriagunean utzi beharko dute autoa, Akarregi auzotik sartuta. Getariako Udalak, hala ere, garraio publikoa erabiltzeko gomendioa egin du.
Egitaraua;
Abuztuak 1, larunbata
- 15:00-20:00. V. Herri Ginkana.
Abuztuak 2, igandea
- 18:00. Eskuz binakako VIII. Salbatore Emakumeen Pilota Txapelketako finala eta kadeteen XXVIII. Salbatore Pilota Txapelketako finala, frontoian.
Abuztuak 5, asteazkena, Haurren eta Gazteen Eguna
- 10:00. Gaztetxoen arteko II. Izozki Tailerra, frontoian.
- 11:00. Paella lehiaketaren hasiera, txosnagunean.
- 11:30. Haurren txupinazoa, udaletxeko balkoitik.
- Jarraian, Getariako buruhandiak eta Zarauzko erraldoi txikiak.
- 11:45. Kita del pare txaranga.
- 12:00. Txupinazoa eta txosnagunearen irekiera, brindisa eta bertsoak.
- 14:30. Gazteen herri bazkaria, Harritarten.
- Jarraian, kuadrillen arteko jolasak kalez kale.
- Tartean, V. Kaña Karrera, Artzapen.
- 15:30-19:30. Haur parkea, frontoian, plazan eta Berdura plazan.
- 19:30. Me Vale Madre taldearen emanaldi ibiltaria.
- 22:00. Kontzertuak txosnagunean: Somak, Lukiek, Eztanda.
- 22:30. Suzko zezena, plazan eta frontoi inguruan.
- 23:00. Itzal erromeria, plazan.
- 00:00. Ikurrinaren goratzea eta txupinazoa, herriko abesbatzak eta musika bandak lagunduta.
- Jarraian, Itzal erromeria, plazan.
Abuztuak 6, osteguna, Salbatore Deunaren Eguna
- 09:30. Getariako Musika Bandaren diana.
- 11:00. Meza nagusia, Getariako Abesbatzarekin.
- 11:00. Haurrentzako tailerrak GUKAren eskutik.
- 12:30. Alkatearen ohorezko aurreskua, udaletxe aurrean.
- 12:45. Getariako Musika Bandaren kontzertua, Harritarten.
- 17:30. Eskuz binakako XXVIII. Salbatore Pilota Txapelketako jubenilen eta 23 urtez azpikoen finalak.
- 18:00. Markeliñeren Chef Nature antzerki ikuskizuna, plazan.
- 19:30. Goxo txaranga.
- 19:30. Iago Mago, txosnetan.
- 22:30. Lekittoko Deabruak antzerki taldearen su-ikuskizuna.
- 23:00, txosnagunean pintxada: Gga Zazta, Atlantis Brothers, Margari ta Barbari.
Abuztuak 7, ostirala, Salbatore bigarrena eta Elkanoren Lehorreratzea
- 09:30. Diana Enbilen Pepitak panderojoleekin.
- 10:00. Bizi jolas, euskal jolasak eta tailerrak, frontoian.
- 12:30. Bertso saioa, Harritarten, ondoko bertsolariekin: Andoni Egaña, Haira Aizpurua, Onintza Enbeita eta Aner Peritz.
- 17:00. Elkanoren Lehorreratzea.
- 20:00. Dinbi Danba batukada.
- 22:00. Korrontziren Mundua dantzan ikuskizuna, frontoian.
- Jarraian, DJak txosnetan: Asti, Disco Dev, Joseba Remember.
Abuztuak 8, larunbata, Salbatore hirugarrena
- Goizean goiz hasita: Eusko Labeldun txahala erretzen hastea, plazan.
- 09:30. Txistularien diana.
- 10:30. XII. Patata Tortilla Txapelketa 14-18 urte bitarteko gazteentzat.
- 12:00. Eusko Label hegaluzea parrillan, sagardoarekin eta garagardoarekin.
- 12:00. Jainekin txaranga.
- 13:00. XVII. Goitibeheren jaitsiera.
- 17:00. Batel estropada herrikoia. Getariarren arteko erronka.
- Jarraian, Buztintxuriko erraldoien eta buruhandien konpartsaren eta Getariako buruhandien kalejira, moilatik abiatuta.
- 19:00. Eusko Label txahal haragi pintxoak dastatzeko aukera, plazan.
- 19:30. Goitibeheren erakustaldiko eta Patata Tortilla Txapelketako sari banaketa.
- 20:00. Elektrotxufla.
- 21:00. Gau irekia Cristobal Balentziaga museoan. Erakusketak gauez ikusteko aukera, Isora taldearen zuzeneko musikarekin girotuta. 21:00etatik 00:00etara.
- 22:30. Kontzertuak: Marte Lasarte eta Merina Gris, frontoian.
Abuztuak 9, igandea, Kuadrillen Eguna
- 10:00. Kuadrillen arteko XXVIII. Marmitako Lehiaketa.
- 12:00. Kaiña-Bi trikitilariak, kalez kale.
- 13:30. Marmitako lehiaketako irabazleen aukeratzea, Berdura plazan.
- 14:30. Herri bazkaria, Harritarten.
- Bazkalostean, Bentazaharreko Mutiko Alaiak, Harritarten.
- 17:00. Uretako puzgarriak, moilan.
- 17:30. Marmitako lehiaketako sari banaketa.
- 19:30. Kantujira Bentazaharreko Mutiko Alaiak taldearekin.
- 19:30. Mozorro gaua eta Mojito's night, txosnetan.
- 22:00. Kontzertuak: Kumbialari eta Sutargi erromeria, txosnetan.
- 22:30. Suzko zezenaren entzierroa, Artzapetik, plazan eta frontoi inguruan.
- 23:00. Oilar Beltzak taldearekin erromeria, plazan.
- 00:00. Ikurrinaren jaitsiera Getariako Musika Bandak lagunduta, eta festen amaierako traka.
- Ondoren, Oilar Beltzak taldea, plazan.