Galiziatik aho zapore ezin hobearekin etorriko da gaur Oriora Iker Zabalaren kuadrilla, asteburuko bi banderak irabazi baitituzte Orio Arraunketa Elkarteko gizonezkoek atzo Redondelan eta gaur Bueun.
Atzokoan areriorik ez bazuen izan San Nikolas ontziak, gaur Zierbena ondo-ondoan izan du estropadaren zatirik handienean, eta hark segundo bateko aldea ere atera dio bigarren ziabogan. Ondo eutsi diote bizkaitarrek Oriori, baina hirugarren luzean abiadura handitu du Oriok, eta azkenean, 19.36.84 denbora eginda, lau segundoko errentarekin nagusitu da, ligako bosgarren bandera eskuratuz.
Zierbenak 19.40.12 denboran burutu du estropada, eta Hondarribia sailkatu da hirugarren, koska bat atzerago, 19.52.60 denbora eginda. Laugarren postua bigarren txandako garailearentzat izan da, Getariarentzat. Estropada bikaina egin du horrek, eta Bermeori aurre hartu dio sailkapenean. Esperantzak 19.54.12 egin du, eta Bermeok, 19.57.82.
Gaurko sailkapena:

Euskotrenen, Orio finago gaur
Arraun Lagunak taldeak erakustaldia eman du gaur Bueun (Galizia) jokatutako estropadan. Euskotren ligako zazpigarren jardunaldia jokatu da han eguerdian, eta donostiarrek zazpigarren bandera lortu du erreskadan. Ez da nolanahiko garaipena izan, beste taldeak atzean utzita eta estropada eremu horretan marka berria ezarrita irabazi baitu, 10:25,90 denborarekin.
Tolosaldeak eutsi dio ondoen Arrauni, eta zortzi segundora helmugaratu da. Hirugarren, berriz, lehenenego txandako Hibaikak egin du, sekulako estropada jokatuta.
Orio eta Zumaia lehenengo txandan lehiatu dira gaur. Zumaiak atzoko emaitza bera lortu du, zazpigarren izan da, baina Orio finago ibili da, eta seigarren izan dira, lan bikaina eginda. Bigarren egin du bere txandan, 10:45,09 denborarekin, Hibaikaren atzetik –10:38,31 denbora egin du horrek–, eta atzean utzi ditu Zumaia (10.48.05) eta Donostiarra.
Gaurko sailkapena:

ETE ligan Zarautz bigarren
ETE ligan, Zarautz Arraun Elkarteko emakumeek esku-eskura izan dute garaipena, baina hiru segundo bizkorrago izan da Hondarribia gaurkoan Portugaleten (Bizkaia) jokatutako estropadan. 11.02.34 denbora egin du Hondarribiak, eta 11.05.39 denbora behar izan du, berriz, Zarautzek.
Hirugarren izan den Kaikuri tarte ederra atera diote, hori bai, 11.14.99 denboran gelditu baitu horrek markagailua.
Hondarribia bera da lider sailkapen nagusian 54 punturekin, baina Zarautz gertu-gertu dauka bigarren, hiru puntura, 51 punturekin. Kaiku da hirugarren, 42 punturekin.
Honakoa da gaurko sailkapena:
