Aniztasuna eta inklusioa, Elkanoren Lehorreratzearen erdigunean

Julene Sorarrain 2026ko uztailaren 16a

Getariako Udaleko ordezkariak, eta erdian Elkanoren Lehorreratzean parte hartuko duten hiru getariarrak, Zarautz Jauregian. (Julene Sorarrain)

Abuztuaren 7an ospatuko da berrikuntzaz beterik datorren Elkanoren Lehorreratzea. Aurten lehen aldiz, emakume batek parte hartuko du 18 europar tripulanteen ontzian, eta Mikel Larrañagak, berriz, Elkano antzezteko ardura izango du estreinakoz.

Abuztuaren 7an ospatuko dute aurten getariarrek hain kutuna duten hitzordua: Elkanoren Lehorreratzea. 17:00etan hasiko da herria 500 urte atzera eraman ohi duen ekitaldia, eta aurtengo edizioak esanahi berezia izango du, 500 urte betetzen baitira Juan Sebastian Elkano kapitaina hil zela.

Lehorreratzearen aurkezpena Zarautz Jauregian egin dute gaur, han ikusgai dagoen Kapitaina. Juan Sebastian Elkano muralaren ondoan. Ekitaldian izan dira Haritz Alberdi Getariako alkatea, Ainitze Gereka udal zinegotzia, eta aurtengo Lehorreratzean parte hartuko duten hiru herritar: Xabier Argibe, Mikel Larrañaga eta Saioa Etxeberria.

Berrikuntzaz blai

Aurtengo edizioak bi berrikuntza nagusi izango ditu. Alde batetik, Larrañagak lehen aldiz antzeztuko du Juan Sebastian Elkano. Hitzordu handirako prestatzen ari da egunotan, eta horretarako, bisitak egin izan ditu Getariako Mundubira Espazioa museora, Elkano sakonago ikertzeko asmoz. Ez da, ordea, Lehorreratzean parte hartuko duen lehen aldia. "2014. urtetik, tripulante gisa parte hartu izan dut, eta dagoeneko badakit antzezlanak barrutik nola funtzionatzen duen. Dena den, egunean bertan urduri egongo naizela aurreikusten dut, baina baiezkoa eman nuen eta gogotsu nago aurtengo Lehorreratzerako. Beti ondo atera izan da, eta aurten ere horrelaxe aterako da".

Bestetik, lehen aldiz, mundu bira amaitu eta Getariara itzuli ziren hemezortzi europarrak irudikatzen dituzten tripulanteen artean emakume bat egongo da, eta Etxeberriari egokitu zaio rol hori jokatzea. "Getariarra izanda, betidanik gustatu izan zait Lehorreratzean parte hartzea, aurreko edizioetan bestelako rolak izan ditudan arren. Azken finean, niri gustatzen zaidana itsasoa da; tripulantea naiz, eta erreskateak egiten dituzten itsasontzietan ibiltzen naiz". Historikoki gizonez osatuta egon den eskifaia batean emakume bat ikustea batzuentzat "harrigarria" izan daitekeen arren, "aurrerapauso handi bat" dela iritzi dio Etxeberriak, eta "zoriontsu" dago egun handiari begira.

Badira, ordea, aurten Lehorreratzean azken aldiz agertuko diren herritar batzuk ere. Horietako bat da, hain zuzen, Argibe. Hamabi aldiz hartu du parte antzezpenean tripulante gisa, baita 1992an Sevillako (Espainia) Erakusketa Unibertsalean egin zutenean ere. Orain, lekukoa belaunaldi berriei ematea dagokio getariarrari, baina "oroitzapen oso onak" eramango ditu azken urte hauetatik.

Lehorreratzearen beste elementu bereizgarri bat bost kontinenteen irudikatzea da. Aurten ere, adin eta jatorri ezberdinetako herritarrek irudikatuko dituzte kontinenteak, "munduak duen aniztasunaren balioa azpimarratzeko, eta errespetua, elkarbizitza eta elkarrenganako ulermena aldarrikatzeko". Aurtengo Elkanoren Lehorreratzean guztira 150 getariarrek parte hartzea espero dute, eskifaia, kontinenteetako ordezkariak, karrozetako partaideak, herriko bandakoa, elizako koruko abeslariak eta ekitaldiaren antolakuntzan eta garapenean lanean ariko diren boluntarioak batuta.

Izan ere, antolatzaileek gogoratu dute Elkanoren Lehorreratzea ez dela soilik antzezlan bat, "baizik eta herri oso baten parte hartzearekin eraikitzen den ospakizuna". Orain arte, 40 bat boluntariok eman dute izena ekitaldiaren antolakuntzan eta garapenean laguntzeko, baina oraindik ere laguntza gehiago beharko dutenez, antolatzaileek berritu egin dute herritarrak parte hartzera animatzeko deia.

Trafikoan aldaketak

Lehorreratzearen egunean, Getarian errepide nagusia itxita egongo da 15:30etik aurrera ibilgailu pribatuentzat. Hortaz, bertan bizi direnek Meagatik sartu beharko dute herrira. Garajea errepide nagusitik gora dutenek beren aparkaleku pribatuan utzi beharko dute ibilgailua, eta gainerakoen ibilgailuak Igarategi industrialdera bidartuko dituzte aparkatzeko, Akerregi auzotik sartuta. Aldaketa horien aurrean, udalak garraio publikoa erabiltzea gomendatu du.

Halaber, elizako pasartea bertatik bertara ikusteko interesa dutenek dagoeneko izena eman dezakete Turismo Bulegoan, ikuskizunak toki horretan edukiera mugatua izango duela kontuan izanda. Gainera, Lehorreratzea zuzenean jarraitu ahal izateko pantaila jarriko dute Berdura Plazan, eta adinduek nahiz ezinduek lehentasuna izango dute han.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide