Elkanoren mundu bira, esperientzia hark irakatsitakoa, itsasoa, protagonistaren bizia bera eta Getariako herria: hori eta gehiago bildu du Arkaitz Barriola ilustratzaileak Elkanoren Lehorreratzea aurkezteko kartelean. Abuztuaren 7an ospatuko dute Getarian, eta urtemuga borobila du aurten ospakizunak, 500 urte bete baitira Elkano zendu zela. Hain justu, arrazoi horrek bultzatuta, artistak eta Getariako Udalak aparteko garrantzia eman nahi izan diote Elkanoren figurari obra honetan.
Barriolak hasieratik sentitu zuen Elkano eta itsasoa era harmoniatsu batean irudikatu behar zituela, bata bestearen bidelagun izan baitziren. Hala eta guztiz ere, argi zuen aurtengo protagonista Elkano bera zela. "Horregatik dago irudiaren erdi-erdian, eta tamaina nahiko handian", azaldu du artistak. Gainera, Elkanoren bizarrak olatuak irudikatzen ditu, "Elkano itsas gizona zelako, itsasoaren zurrunbiloekin bat egiten zuena".
Horrekin lotuta, mundu bira egiteko erabilitako ontzia ere margotu du, baita esperientziaren helmuga bera ere, Getaria. Itsasoarekin lotura zuzena duen animalia ere errepara daiteke irudian: balea. Barriolak dio "itsasoaren zaindaria" dela balea, "baita Elkanoren bidaiako beste protagonistetako bat ere".
Piezaren atzean ikerketa lan bat dagoela azpimarratu du Barriolak, eta kontatu du horren adierazle direla Elkanoren inguruan margotu dituen elementu zein pertsonaiak. Adibidez, mundu biratik Getariara ekarritako kanela-zotzak, Strelitzia reginae izeneko hegaztia eta llama bat ageri dira, neska perutar baten ondoan. Azken honek Elkanok herrialde ezberdinetako jendearekin izandako harremana islatzen du, artistak kontatu duen moduan.
Ezin aipatu gabe utzi goialdean ageri den ilargia. "Gau eta egun asko" igaro zituen Elkanok bidaian, eta hori adierazteko ilargiaren fase guztiak margotu ditu. Gainera, artistak kontatu du Elkanok "izarren bitartez eta zeruari begira" bidaiatzen zuela. Ilargi hau, ordea, ez da nolanahikoa: Elkanoren testuak ditu inprimatuta, hain justu. "Sakontasuna" emateko erabili ditu letra horiek.
"Gozatutako lana"
Barriolak aitortu du "sekulako ilusioa" egin ziola Getariako Udalak Elkanoren Lehorreratzea iragartzeko kartela egiteko proposamena luzatu zionean. "Gozatu" egin du artistak obra sortzen, eta udalari eskertu nahi izan dio lana sortzeko emandako "askatasuna". Azken emaitzarekin "oso gustura" geratu dela ere kontatu du.
Kartela "ikaragarri polita" da Haritz Alberdi Getariako alkatearen iritziz, eta artistari eskertu dio eskatutakoa modu egokian irudikatu izana. Elkano 500 urte joan... eta itzuli leloa izango du aurtengo lehorreratzeak, eta horren inguruan, ondorengoa azaldu du Alberdik: "Duela 500 urte joan zen Elkano, baina getariarrok jakin izan dugu berriro ere gurera ekartzen, pertsonaren inguruko istorio guztia berreskuratzen". Herriaren inguruan "askoz ere gehiago" ikasi ahal izan dutela dio: "Iraganaz ikasteak etorkizun bat eraikitzeko aukera eman digu".
Irudiko elementu bakoitza indibiduala da; horrela, marrazki bakoitza hitzorduarekin lotutako banderola edota eskuorrietan erabili ahal izango dute.