Duela 500 urteko Getariara bidaiatzeko aukera eskainiko du Zarautz jauregiak

Enara Ariznabarreta 2026ko uztailaren 15a

Haritz Alberdi Getariako alkatea, Azahara Dominguez Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatua eta Arretxe Zerbitzuakeko Iker Nieto eta Enara Tena. (Getariako Udala)

XVI. mendeko Getaria ezagutu ahal izateko, 3D betaurreko berriak jarri dituzte Getariako Zarautz jauregian. Bisitariek 1,5 euro gehiago ordaindu beharko dituzte betaurrekoak erabiltzeko.

Herritarrei zein bisitariei duela 500 urteko Getariara bidaiatzeko aukera eskaintzeko asmoz, 3D betaurreko berriak jarri dituzte Getariako Zarautz jauregian, eta gaurtik aurrera egongo dira horiek erabilgarri. Horrela, XVI. mendeko Getaria ezagutu ahal izango dute bisitariek modu murgiltzailean, herriko txokoak, garaiko ofizioak eta bale arrantzaren jarduera bertatik bertara ezagutuz. Zarautz jauregia bisitatzen dutenek 1,5 euro gehiago ordainduta erabili ahal izango dituzte 3Dko betaurrekoak; gainerako erabiltzaileek, berriz, 2,5 euro ordaindu beharko dituzte.

Egitasmoaren helburua Getariaren historiaren pasarte garrantzitsu bat "modu erakargarri eta irisgarrian ezagutaraztea da, teknologia berriak eta ondare historikoaren dibulgazioa uztartuz". Horrez gain, Zarautz jauregiak herriko historia eta itsas ondarea zabaltzeko egiten duen lana ere indartu nahi dute. Proiektuak 15.000 euroko aurrekontua izan du, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak 10.000 euroko diru aguntza eman die gastuetarako.

Haritz Alberdi Getariako alkateak nabarmendu du Zarautz jauregia ez dela eraikin zaharberritua soilik, “Getariaren historiaren, itsas tradizioaren eta herriaren bilakaeraren lekuko” ere badela, eta tresna berriak ondare hori herritarrei eta bisitariei modu hurbilagoan ezagutzeko aukera emango diela. Dominguezek, berriz, "ondare historikoa ezagutaraztearen garrantzia" azpimarratu du. Haren esanetan, "horrelako ekimenek memoria kolektiboa balioan jartzen dute" eta, aldi berean, "benetakotasuna, kultura eta tokiko nortasuna bilatzen dituen kalitatezko turismoa" sustatzen laguntzen dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide