Iparragirre-Sotil eta Izagirre-Ormaetxea bikoteak nagusi, Salbatoretako Esku Pilota Txapelketako lehen neurketetan

Intza Trula 2026ko uztailaren 1a

Esku bat, pilota jotzen. (Artxibokoa)

Gaur, 18:30ean, jokatu dituzte txapelketaren barruko lehen partidak. Gizonezkoen kadete eta 23 urtez azpiko kategorietako neurketak izan dira. Bihar, 18:00etan, kanporaketa faseko partida gehiago jokatuko dituzte.

Gaur, 18:30ean, abiatu dute Getarian Salbatoretako Esku Pilota Txapelketa. Guztira, bi partida jokatu dituzte lehiaren lehen egunean: kadeteen mailan, Iparragirre eta Sotil bikoteak izan dira irabazleak, eta, 23 urtez azpikoetan, Izagirre eta Ormaetxea izan dira nagusi.

Aurreneko neurketan, Iparragirrek eta Sotilek nagusitasun osoz irabazi dute. Ansola eta Lazkanotegi izan dituzte aurrez aurre, eta 22-2 hartu dituzte mendean. 23 urtez azpikoen kategoriako partida zerbait orekatuagoa izan da; hala eta guztiz ere, Izagirrek eta Ormaetxeak erosotasunez irabazi dute. 22-10 gailendu dira A.Olaizolaren eta Iturberen aurrean.

Txapelketak bihar izango du bigarren eguna. Hain justu, 18:00etatik aurrera, ondorengo partidak ikusi ahal izango dira herriko frontoian: kadeteen mailan, Eizagirrek eta Madariagak Mantzizidorren eta Izagirreren aurka jokatuko dute; jubeniletan, Etxabek eta Artolak Baleztena eta Beroz izango dituzte aurkari; eta, 23 urtez azpikoetan, Bidezabalek eta Garañok osatutako bikoteak Aranbarrik eta E.Galarzak osatutakoaren aurka jokatuko dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide