Gure Txeru pilota elkarteak antolatuta, Salbatoretako Esku Pilota Txapelketa abiatuko dute gaur arratsaldean. Lehiaren lehen egun honetan, gizonezkoen multzoko partidak jokatuko dituzte, 18:30ean hasita, herriko frontoian, eta eguraldi txarra balitz, Sahatsaga frontoian.
Azken urteetan baino beranduago hasiko dute aurten txapelketa, eta jokatzeko egun gutxiago daudenez, parte hartuko duten bikote kopurua ere txikiagoa izango da. Zehazki, 58 bikote ariko dira nor baino nor txapelaren bila. Horietatik guztietatik 48 gizonezkoek osatutako bikoteak izango dira, eta gainerako hamar bikoteak emakumezkoenak izango dira.
Kategoriei dagokienez, gizonezkoetan jubenil, kadete eta 23 urtez azpiko mailetan banatuta jokatuko dute; emakumezkoetan, berriz, kadeteak eta jubenilak egongo dira. Parte hartuko duten pilotariak Gipuzkoa, Bizkaia, Araba eta Nafarroakoak dira.
Kanporaketa fasea
Gaurtik hasita, hilabete osoan zehar jokatuko dute kanporaketa fasea. Partidak astelehenetan, astearteetan eta ostegunetan izango dira, eta finalak, berriz, abuztuaren 2an eta 6an jokatuko dituzte. Emakumeen kasuan, uztailaren 14an hasiko dute txapelketa, mutilen formatu berean.
Lehen jardunaldi honetan, Iparragirre eta Sotil Ansolaren eta Lazkanotegiren aurka lehiatuko dira kadeteen mailan. Bigarren partida 23 urtez azpikoena izango da: Olaizolak eta Iturbek Izagirreren eta Ormaetxearen aurka neurtuko dituzte indarrak.
Bigarren jardunaldia bihar jokatuko dute, 18:00etan. Eizagirre eta Madariaga Mantzizidorren eta Izagirreren aurka ariko dira kadete mailako neurketan; Etxabek eta Artolak Baleztena eta Beroz izango dituzte aurrez aurre jubeniletan; eta 23 urtez azpikoetan Bidezabalek eta Garañok Aranbarriren eta Galarzaren aurka jokatuko dute.