Iker Zabala: "Mutilek ez erlaxatzeko motiboak behar dituzte"

Onintza Lete Arrieta 2026ko ekainaren 26a

Iker Zabala. (Onintza Lete Arrieta)

Iaz lehiaketa guztiak irabazi zituen Orio Arraunketa Elkartearen gizonezkoen lehen traineruak, eta aurten, are azkarrago ibiltzea izango dute helburu.

Orio Arraunketa Elkarteko Iker Zabala (Bermeo, Bizkaia, 1979) gizonezkoen lehen taldeko entrenatzailea eta haren arraunlariak bihar eguerdian abiatuko dira Buitrago del Lozoyara (Espainia), hango urtegian hasiko baitira aurten Euskotren eta Eusko Label ligak. Zerbait jan eta joko eremua ezagutu nahi dute, sentsazioen arabera erabakitzeko igandeko estropadako eskifaia.

Inoiz estropadarik jokatu ez den toki batean hasiko duzue liga igandean. Zer iruditzen?

Arraun mundua nola dagoen kontuan hartuta, ondo ikusten dut kirola leku berrietara zabaltzea. Halakoetan joko eremu polit batera jo behar dela uste dut, eta ikuskizun ona eman. Ikusten diodan alde txarra da kanpora joan eta estropada bakarra jokatzea; eskas gelditzen da. Hobe litzateke larunbatean eta igandean jokatzea, eta bi kaletara beharrean, lautara jokatzea, bi kaletara aritzeak lehia desitxuratu egiten duelako. Ez dakizkit erabaki horren arrazoiak, baina pentsatzen dut neurriek ez dutela emango lau traineruk batera lehiatzeko, eta ziurrenez kaleen artean desberdintasunak egongo direla.

Faboritoak zarete. Horrek presio handia eragiten dizue?

Ez. Guk daukaguna da barruko presioa, hogei arraunlari eta patroi bi ditugulako, arraunlari guztiek maila altua dutelako, eta lehia handia dagoelako postua nork bete. Kanpoko presioari dagokionez, asko ari da hitz egiten Orioz, baina hori normala da, iaz egin genuen denboraldia egin eta gero, sekulako marka jarri eta gero. Jendea hizketan ari da onerako eta txarrerako. Barruan, berriz, egunero ikusten dut mutilek gogoa dutela titularrak izateko, baina hamahiru postu daude hogeita bi pertsonarentzat. Zortea daukat, baina ez da erraza hori guztia kudeatzea.

Loa kentzen dizu horrek?

Ez. Normala da plantilla barruan batzuekin besteekin baino konexio gehiago sortzea –eta ezetz dioena gezurretan ari da–, eta bihotzarekin jokatuko banu agian batzuk sartuko nituzke beste batzuen ordez. Baina uste dut azken urteetan neurria hartu diodala eta buruarekin jokatzen dudala. Trainerua ahalik azkarren joatea da nire helburua. Esfortzua dosifikatzea ere garrantzitsua da, epe laburrean estropada asko jokatzen direlako eta nik nahi dudalako traineruak maila altua ematea denboraldi osoan zehar, eta batez ere, irailean ahalik eta azkarren ibiltzea. Udan, lehian sartutakoan, eta batez ere estropada txarra ateratzen bada, horrek bai kentzen dit loa. Baina oraingoz denboraldia oso ondo bideratuta doa.

(O.L.A.)

Aurtengo helburua, beraz, denborak hobetzea.

Urtez urte mutilak estutzeko arrazoiak behar dituzu, eta iazko denboraldia ikusi eta gero, nola motiba ditzakezu arraunlariak? Erraza da: traineruak iaz abiadura bat eduki batzuen, aurten apur bat arinago joan behar du, nahiz eta irabazi. Bigarrenari hamalau segundoko aldea aterata ere, guk segi egin behar dugu, bestela, erlaxatzeko arriskua dugu.

Denborena nola kalkulatzen duzue?

Neguan balore fisikoak ditugu, ergometroekin neurtu daiteke, eta baditugu test fijo batzuk, aurreko urteekin alderaketak egin ahal izateko. Aurten ikusten dugu Orioko taldea iazko Orioko taldea baino indartsuagoa dela,baina horrek ez dizu ziurtatzen gero uretan azkarrago joatea. Ez daukagu erremintarik jakiteko uretan aurtengo Orio iazkoa baino arinago dabilen; udan, konpetizioan, ikusiko da hori.

Beste taldeei dagokienez, mehatxua non egon daiteke?

Traineru txapelketan Donostiarra on bat ikusi dugu; Gipuzkoakoan ehuneneko batzuengatik irabazi genuen, eta Euskadikoan tartea apur bat zabalagoa izan zen, baina hala ere gugandik oso gertu ibili zen. Orain liga hasiko da, kupoak direla eta ez direla diferentzia egongo da errendimenduan, batzuk pixka bat gutxiago ibiliko dira eta beste batzuk eta beste batzuk pixka bat gehiago, eta hor daukat zalantza. Baina uste dut Bermeo, Hondarribia eta Getaria ondo dabiltzala. Ezustekoak ere egoten dira. Beraz, guk gure eskuetan dagoen guztia egin behar dugu, kanpora asko begiratu gabe.

Traineruan harrobiko zenbat exijitzen dituzte aurten?

Iaz aldatu egin zuten araudia [Traineru Kluben Elkarteak, TKEk], eta aurten harrobiko arraunlari bat gehiago sartu behar dugu traineruan, guztira harrobiko bost eta bi propio, edo harrobiko sei, propiorik gabe. Harrobikoa izateko zure aurreneko fitxak klub horretakoa izan behar du. Propioa izateko, berriz, klub horretan egon behar duzu hiru urtez; laugarrenean bihurtzen zara propio. Beraz, traineru erdiak etxekoa izan behar du, eta hor Orio oso ondo dago kokatuta aurten, baina urtez urte ikusi behar da.

Oriok jaso izan ditu kritikak harrobiko arraunlari gutxi omen zuelako.

Kritikak hasten dira irabazten duzunean, eta horrenbeste garaipen dituzunean, zerbait topatu behar da meritua kentzeko. Lehen Bermeogatik jarduten zuten, gero Santurtzigatik, eta orain Oriori tokatzen zaio. Uste dut eztabaida zaharra dela, eta soluzioa topatu behar dugula elkarteetan arraunlari gehiago ikusteko, mutil zein neska. Baina oraindik inor ez dut ikusi konponbiderik proposatzen. Oriok harrobiko bederatzi arraunlari ditu aurten plantillan, etxekoz betetako bigarren trainerua du, arraun eskola... Hau ez dugu esaten paparra ateratzeko. Eztabaida beti udan sortzen da, baina neguak luzeak eta lasaiak izaten dira, eta klubek elkarrekin hausnartzea edukiko lukete gaiaz. Baina beti ari gara harri berean erortzen, eta horrek sekulako pena ematen dit, arrauna izugarrizko kirola delako, geurea delako, eta ez garelako ari denon artean hobetzen.

Eusko Label ligari dagokionez, non jarri beharko genuke begirada? Zer ikusten da barrutik?

Gure munduan hipokresia asko dago, beti ari gara ondokoa kritikatzen, baina gero kritikatu dugun hori bera egiten dugu. Konponbideak aportatzea da kontua hemen; soluzioa ez da harrobiko bat gehiago sartzea traineruan, ez behintzat soluzio bakarra. Denon artean batelak eta trainerillak baztertzen ari gara, soilik traineruei begira, baina arrauna ez da trainerua bakarrik. Aulki mugikorra ere hor daukagu, eta nik autokritika egiten dut, aurten Orio ez delako joan zortziko Espainiako Txapelketara, gainera Legutianon (Araba) izanda. Soluzioa erraza ez da, baina ona litzateke ateak apur bat zabaltzea eta zaleen, kazetarien eta beste kirol batzuetako teknikariek iritziak jasotzea, egoerari buelta emateko. Geu bakarrik ez garelako horretarako gai.

Klubaren helburu nagusia Kontxako Bandera irabaztea izango da aurten ere. Zurea?

Paretsu doaz bion helburuak. Nire helburu pertsonala da ahalik azkarren ibiltzea trainerua, hori lortuta banderak etorriko direlako. Zaila izango da iazko marka ontzea, baina helburua horrek izan behar du.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide