Oihal zaharra mimatuz, ondarea babestu

Onintza Lete Arrieta 2026ko ekainaren 24a

Eva Gonzalez, larunbatean, zaharberritutako banderarekin.

Getariak Kontxako bost bandera ditu irabazita, baina bakarra gordeta, 1911koa. Egoera txarrean zegoen, eta Eva Gonzalez adituak eraberritu du. Prozesua konplexua izan dela azaldu du.

Getariako Arraun Elkarteak Kontxako bost bandera irabazi ditu historian zehar, baina horietatik guztietatik bakarra dago gordeta: 1911. urtean irabazitakoa. Gordeta bai, baina nahiko kaltetuta eta zaharkituta zegoen oihala, eta Getariako Udalak zein arraun elkarteak bandera eraberritzeko erabakia hartu zuten. Lanak burututa, larunbat eguerdian aurkeztu zuten jendaurrean.

Balentziaga Museoko Eva Gonzalez Azkoitiko bizilagunak izan du oihala konpontzeko ardura –modu pertsonalean egindako lana izan da–. Gonzalezek ehunen zaharberritze eta kontserbazio espezialitatea ikasi zuen jaioterrian, Palentzian (Espainia), eta Getariako museoan aritu da azken hiru urteetan. Bandera "pixkanaka" zaharberritu dutela kontatu zion Gukari aurkezpenaren ondoren. Pieza ikusi zuten aurrena, Getarian bertan tailer bat muntatu oihala zaharberritzeko, eta hilabete batzuk egin ditu lanean.

Pieza bakoitza bakarra izaten da, eta tratamendu zehatza behar izaten du, baina Gonzalezek azaldu du prozesuari dagokionez ez dagoela alde handirik Balentziagaren jantzi bat eta bandera bat eraberritzearen artean, ñabardurak egon badauden arren: "Oihalezko piezak tratatzeko oinarria bera da beti. Hori bai, Balentziagaren jantziei dagokienez, kontuan eduki behar dira parametro batzuk; esaterako, piezen bolumenen ezaugarri eskultorikoak. Bandera bat oihal sinpleagoa da, planoagoa".

Gonzalezek azpimarratu du ez dagoela eraberritu ezin daitekeen piezarik. "Dena zaharberritu liteke, bai XIV. mendeko oihal bat, bai pieza garaikideak. Horretan adituak gara, hori da gure lana". Getariako bandera egoera txarrean aurkitu zutela aitortu du: "Intsektuak zituen, bilbearen zati handi bat galduta zeukan, forma ere bai, pasaratu asko zituen irazki edo hari solteak josteko, zikinkeria asko zuen eta distira galduta, eta kaltetuta ere bazegoen erabileragatik; baita deshidratatuta ere, paper lehor bat bezala".

Oihala berritzeko, egitura egonkortzea erabaki zuten, betiere "gutxieneko esku hartzea duten zaharberritze irizpideetan oinarrituta, obra ondare gisa tratatuz". Batetik, garbiketa mekanikoa eta garbiketa zitriko-kimikoa egin dizkiote oihalari; eta bestetik, pasaratu guztiak kendu dituzte, solte zeuden irazki edo hari solteak errespetatuz. "Lan neketsua da, pieza ez kaltetzeko kontu handiarekin egin beharrekoa". Lurrun hotza ere erabili dute ultrasoinu bidez, kotoizko eta zetazko bandera zaharra hidratatzeko, eta oihalari malgutasuna emateko eta hasierako forma itzultzeko.

Kolorea tratatu dute, eta babesa ere eman diote, hari guztiei eusteko eta bandera bera babesteko. Lan guztiak eginda, pieza egoera onean mantetzeko euskarri batean sartu dute, eta herritarrentzat ikusgai jarri, udaletxeko areto nagusian.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide