"Asmoa ez da soilik objektu historiko bat zaintzea, baizik eta Getariako arraunaren historiaren eta herriaren ondarearen parte den lekukotasun baliotsu bat babestea". Horrela arrazoitu du Haritz Alberdi Getariako alkateak herriko arraunlariek 1911n irabazitako Kontxako Bandera eraberritu izana.
Getariako Arraun Elkarteak Kontxako bost bandera irabazi ditu bere historian zehar, baina horietatik guztietatik bakarra dago gordeta: 1911. urtean irabazitakoa. Gordeta bai, baina nahiko kaltetuta eta zaharkituta zegoen oihala, eta Getariako Udalak zein arraun elkarteak bandera eraberritzeko erabakia hartu zuten. Lanak burututa, gaur aurkeztu dute jendaurrean, eguerdian udaletxeko udalbatzar aretoan egindako ekitaldian.
Ez dute urrutira joan behar izan bandera zaharberritzeko aditu bila: Balentziaga Museoko Eva Gonzalez zaharberritzaileak izan du konponketa hori egiteko ardura –modu pertsonalean egindako lana izan da–, eta gaur Alberdirekin batera izan da azalpenak ematen. Urko Atxotegi Getariako Arraun Elkarteko kidea batu zaie bi horiei.
Botere harremanen erakusgarri
Alberdik esan du herriak itsasoarekin eta arraunarekin izan duen lotura estuaren adierazle ere badela bandera hori, belaunaldiz belaunaldi transmititu den ondare baten erakusgarri.
Ez hori bakarrik: "Garaiko gizartea, botere harremanak, sinboloak eta hizkuntza politikak ulertzeko aukera ematen duen ondare elementua ere bada. Zaharberritze lanari esker, etorkizuneko belaunaldiek Getariaren historiaren zati garrantzitsu hau ezagutu eta balioan jartzeko aukera izango dute", iritzi dio Alberdik. "Banderak ez dira soilik kirol garaipen baten oroigarri: garai bakoitzean botere harremanen bidez ezarri diren balio, identitate eta ikuspegi politikoen isla ere badira. Sinboloek eta hizkuntza hautuek agerian uzten dute nola botere egiturek beren erreferenteak ezarri izan dituzten espazio publikoan, askotan bertako errealitatearen, nortasunaren eta hizkuntzaren kaltetan", esan du, 1911ko oihalaren ezaugarriei erreparatuz.
Gaurkoa ez da herriko arraun elkarteari lotutako asteburuko ekitaldi bakarra. Klubak bihar aurkeztuko du, izan ere, denboraldi honetako trainerua. 12:30ean jarri dute hitzordua, frontoian. Hain zuzen ere, hilaren 27an ekingo dio etxeko traineruak Eusko Label ligari.
(Argazkiak: Arnaitz Rubio Aprea)